"Indartsu gaude, ontzia fin dabil eta gainditu beharreko K2etako bat izango gara"
Iñigo Peña Jokoetan domina lortzeko apustuetan gehien entzuten den izenetako bat da. Basque Teameko palista, Paco Cubelos ontzikidearekin batera, Tokioko K2-1.000 proban podiumera igotzeko faborito nagusietako bat da.
“Badakigu kinieletan bagaudena, eta gu ehuneko ehunean gaudenean eta gure estropada egiten dugunean, oso zaila dela guri irabaztea. Amesten dugu domina batekin. Saiatuko gara onena ematen, eta estropada onena eginez gero, eta puntu onean gaudela konfirmatzen bada, uste dut aurrean izango garela eta dominen lehian izango garela” ziurtatu dio Iñigo Peñak Tokiora bidaiatu duen Basque Teameko komunikazio taldeari.
Zumaiakoak ziklo olinpiko oso berezia edo arraroa bizi izan du, ez arrazoi bakar batengatik, baizik eta hainbatengatik. Lehena eta nabariena, covid-19ak sortutako pandemia, historian aurrekaririk izan ez duen Jokoen atzerapena ekarri zuena. Bigarrena, K4-1.000 metrokoan diploma eman zion bosgarren postuarekin Rio de Janeiroko Jokoetatik itzuli ondoren, egin behar izan zituen aldaketak. Hitzordu brasildarraren ostean, proba horrek olinpikoa izateari utzi zion, eta Iñigok ontzia eta taldekidea aldatu behar izan zituen. Hasiera batean arazo bat irudi zezakeena zerbait positibo bihurtu zen, Paco eta Iñigo berehala egokitu baitziren; horren erakusgarri dira diziplinaren munduko errekorra lortu zutela elkarrekin egin zuten lehen urtean eta Munduko txapelketetan erdietsitako bi zilarrak, lehena 2018an eta bigarrena 2019an, Szegeden, Tokiorako txartela ziurtatuz gainera.
“Orain ia bi urte pasa dira aurreko Munduko txapelketatik, bi urte oso luze izan dira aldaketa askorekin, baina egin ditugun test guztietan indartsu gaudela ikusi dugu eta nik uste dut maila eman ezkero, aurrean izango garela” esan du Peñak.
Tokiora bidaiatu aurretik, Hungarian egindako azken Munduko Kopa ez zen guztiz ona izan, ez baitzuten finalean sartzea lortu. Hala ere, horrek ez du kezkatzen Basque Teameko kirolaria. Bere errendimenduaren beheko puntuan lehiatu zirela dio, eta euren sasoi-gailurretik urrun. Orain egoera erabat ezberdina da.
Presioa ere ez da arazoa; kudeatzen badakitela argi utzi dute. Abuztuaren 4an (11:38, 4:38 Euskadin), kanporaketa eta final-laurdenak jokatuko dira. Sailkapen txandako lehen bi ontziak zuzenean igaroko dira finalaurrekora, final laurdenak jokatu barik. Egun bat geroago, abuztuaren 5ean, finalerdia eta finala egingo dituzte.