“DOMINA IRABAZLEEN ARTEAN EGOTEA DA RIO-RAKO DUDAN HELBURUA”, ESAN DU PABLO CARRERAK, GAUR GOIZEAN AZERBAIANEN DOITASUN TIROAN JJOO-ETARAKO PASAPORTEA LORTU ONDOREN
Pablo Carrera tiratzaile bilbotarrak Rio de Janeiroko Joko Olinpikoetan parte hartzeko plaza lortu du gaur goizean, Basque Team-eko kirolari batek erdietsi duen bigarrena alegia, Iker Martinezek belan lortu zuenaren ondoren. Carrerak Azerbaiango Gabala herrian jokatutako Munduko Kopan irabazi duen plaza hau Espainiako Tiro Federazioak lortutako bosgarrena da.
“Oso-oso harro nago plaza lortu izanaz, denboraldi osoko jardunari emandako saria baita, eta esan beharrik ere ez dago, sekulako ilusioa egingo lidakeela Jokoetan parte hartzeak. Ni ez naiz kirol jardunean oso-osorik jardun dezakeen profesionala, eta ondorioz, ni bezalako kirolari batentzat, Jokoetan jardutea egundoko esperientzia izango da”, adierazi du Carrerak gaur goizean. “Lehentxeago lor nezakeen arren, plaza irabazita lasaitasun handi-handiaz aurre egin ahal izango diot datorren denboraldiko lehiaketa-egutegiari”, ziurtatu du.
Carrerak Diploma lortu zuen Londresko 2012ko Jokoetan egindako seigarren postuari esker, eta esperientzia horren ondoren, “Rio-rako helburua domina irabazleen artean egotea” dela aitortu du. Gaurko puntuaketaz, Munduko Kopako bosgarren postua ez ezik, Rio-n izango den doitasun tiroko Espainiako hoberenak pistola libreko 50 metroko eta aire-pistolako 10 metroko modalitateetan parte hartu ahal izango du.