basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Taekwondo 20
ekaina
2024

Jone Magdalenok eta Jon Andoni Cintadok taekwondoaren munduan sartuko gaituzte ‘BAT To Paris’ saioaren zortzigarren atalean

Dokumental saila osatzen duten 10 kapituluak igande goizetan eskaintzen dira ETB1eko ‘Helmuga’ saioan (11:30)

Aste honetan, Basque Team Fundazioak ekoiztutako ‘BAT To Paris’ dokumental-saioak taekwondoa eta modalitate honetako euskal kirolari onenen, Jone Magdaleno eta Jon Andoni Cintadoren, figurak hurbilduko dizkie ikus-entzuleei, ‘Diziplina asiarra’ izeneko atalean.

Bizkaiko kirolariek oinarri sendoa dute beren familietan eta inguruneetan, kirolean duten ibilbidea garatu eta uztartu ahal izateko goi mailara iritsi arte, bizitzaren gainerako alderdiekin, hala nola alderdi akademikoarekin. Jonek zuzenbidea ikasi zuen, eta master bat du fiskalitatean eta beste bat ziberdelinkuentzian. Jon Andoni industria-diseinuko ingeniaria da eta enpresa-zuzendaritzako masterra du. Biek ala biek seriotasuna eta iraunkortasuna dute ezaugarri, eta elementu horiek haurtzarotik eman dizkie taekwondoak.

Taekwondoa korear jatorriko arte martzial bat da, 1950eko hamarkadan sortua, alderdi fisiko eta mentalak garatzea ahalbidetzen duena, defentsa pertsonalerako beharrezkoak diren gorputz atalak erabiliz, ukabila eta ostikoa batez ere. 2000ko Sidneyko Jokoez geroztik programa olinpikoan sartuta dagoen kiroletako bat da. Jonek eta Jon Andonik lasaitasuna aurkitu dute euren bizitza pertsonalaren eta kirol-bizitzaren arteko orekari eusteko; izan ere, Jone Europako txapeldun izatera ere iritsi da eta Jon Andoni Munduko txapeldunorde. Badakite arrakasta izateko erortzen eta altxatzen ikastea dela garrantzitsua, diziplina asierrak irakatsi dien bezala.

‘BAT To Paris’
2024ko Pariseko Joko Olinpiko eta Paralinpikoetan lehiatzeko borrokatu diren euskal kirolarien ahalegina Euskal Telebistan apirileko azken asteburutik aurrera astero eskaintzen diren erreportajeetan islatzen da. ‘BAT to Paris’ek, ‘BAT To Rio’‘BAT To Pyeongchang’‘BAT To Tokio’ eta ‘BAT To Beijing’ programen lekukoa hartu du, aipatutako saioek aurreko udako eta neguko hitzordu olinpiko eta paralinpikoetan parte hartu zuten euskal kirolariak aurkeztu baitzituzten, antzeko formularekin.

Erreportaje sorta honek ikus-entzunezko istorio handien osagaiak biltzen ditu, kirolarien ametsak, erronkak eta gainditzeko irrikak kontatuta. Programak pertsonen profil hori du ardatz, ikuslea haien borrokan eta asmoetan inplikatzeko helburuarekin.

‘BAT to Paris’Korima Films ekoiztetxeak egina, astero eskaintzen da pantaila txikian, igandeetan, ETB1eko ‘Helmuga’ saioaren barruan. Saio bakoitzak 10 minutu inguruko erreportaje bat du. Beraz, Joko Olinpikoak eta Paralinpikoak gertatu baino aste batzuk lehenago, ikus-entzuleek Parisko hirian lehiatzeko sailkapena lortzeko borrokan aritu izan diren euskal kirolarien zati handi bat ezagutzeko aukera dute.

Programak irudi ikusgarriak eta ikus-entzunezko baliabide modernoenen erabilera barne hartzen ditu.

Basque Team Fundazioa
Fundazioa 2007an sortu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Irrati Telebista (EiTB) erakunde publikoak. Hasieran bezala, BASQUE TEAMen helburua baliabide ekonomikoak eta era guztietako zerbitzuak (medikoak, teknikoak, psikologikoak, komunikaziokoak, laneratzekoak eta ikasketen arlokoak…) ematea da, profesionalak ez diren euskal kirolariei, haien parte-hartzea errazteko eta nazioarteko lehiaketarik gorenetan bikaintasun-emaitzak lortzeko.