basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Piraguismoa 16
maiatza
2024

Maialen Chourraut buru duen eslalom-piraguismoko taldea da ‘BAT To Paris’ saioaren laugarren ataleko protagonista

Dokumental saila osatzen duten 10 kapituluak igande goizetan eskaintzen dira ETB1eko ‘Helmuga’ programan (11:30)

Aste honetan, Basque Team Fundazioak bultzatutako ‘BAT To Paris’ telesailak eslalom-piraguismoa izango du protagonista, ‘Motibazioak bere horretan dirau’ izeneko atalean.

Hiru domina olinpiko, 2012ko Londresko brontzea, 2016ko Rioko urrea eta 2021eko Tokioko zilarra irabazi ondoren, Maialen Chourrautek ilusio eta garaipen gogo berarekin jarraitzen du. Eslalom-piraguismoa bizimodu bat da berarentzat, eta horri lotuta egongo da beti. Bere motibazioak bere horretan jarraitzen du eta ziklo honetan indartu egin da programa olinpikoan modalitate berri bat sartu ondoren: kayak krosa. Maialen lehen aldiz borrokatuko da Parisen Joko beretan bi domina lortzeko, eta hori pizgarria da berarentzat, nahiz eta lehiaketari txinpartaz aurre egiten jarraitzeko motiborik ez zaion inoiz falta izan.

Eslalom-piraguismoa ulertzeko modu hori etxean bizi du Pau Echanizek, Maialenen senar eta entrenatzaile Xabier Etxanizen semeak. Paurentzat Chourraut oso gertuko erreferentea da, baina baita Miren Lazkanorentzat ere, Maialenekin kluba partekatzen baitu haurra zenetik. Pau eta Mirenentzat Frantziako hiriburukoak euren lehen Jokoak izango dira.

Basque Teameko hiru kirolari hauek joango dira Parisera, baina beste bi piraguista ere aritu izan dira lehian ziklo osoan zehar txartel olinpikoa poltsikoratzeko, azkenean lortu ez duten arren: Klara Olazabal eta Olatz Arregui.

‘BAT To Paris’
2024ko Pariseko Joko Olinpiko eta Paralinpikoetan lehiatzeko borrokatu diren euskal kirolarien ahalegina Euskal Telebistan apirileko azken asteburutik aurrera astero eskaintzen diren erreportajeetan islatzen da. ‘BAT to Paris’ek, ‘BAT To Rio’‘BAT To Pyeongchang’‘BAT To Tokio’ eta ‘BAT To Beijing’ programen lekukoa hartu du, aipatutako saioek aurreko udako eta neguko hitzordu olinpiko eta paralinpikoetan parte hartu zuten euskal kirolariak aurkeztu baitzituzten, antzeko formularekin.

Erreportaje sorta honek ikus-entzunezko istorio handien osagaiak biltzen ditu, kirolarien ametsak, erronkak eta gainditzeko irrikak kontatuta. Programak pertsonen profil hori du ardatz, ikuslea haien borrokan eta asmoetan inplikatzeko helburuarekin.

‘BAT to Paris’Korima Films ekoiztetxeak egina, astero ematen da pantaila txikian, igandeetan, ETB1eko ‘Helmuga’ saioaren barruan. Saio bakoitzak 10 minutu inguruko erreportaje bat du. Beraz, Joko Olinpikoak eta Paralinpikoak gertatu baino aste batzuk lehenago, ikus-entzuleek Parisko hirian lehiatzeko sailkapena lortzeko borrokan aritu izan diren euskal kirolarien zati handi bat ezagutzeko aukera dute.

Programak irudi ikusgarriak eta ikus-entzunezko baliabide modernoenen erabilera barne hartzen ditu.

Basque Team Fundazioa
Fundazioa 2007an sortu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Irrati Telebista (EiTB) erakunde publikoak. Hasieran bezala, BASQUE TEAMen helburua baliabide ekonomikoak eta era guztietako zerbitzuak (medikoak, teknikoak, psikologikoak, komunikaziokoak, laneratzekoak eta ikasketen arlokoak…) ematea da, profesionalak ez diren euskal kirolariei, haien parte-hartzea errazteko eta nazioarteko lehiaketarik gorenetan bikaintasun-emaitzak lortzeko.