basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Besteak 25
apirila
2024

Skateari eskainitako atalak ‘BAT To Paris’ telesaila estreinatuko du asteburu honetan

Dokumental sorta osatzen duten hamar atalak igande goizez izango dira ikusgai ETB1eko ‘Helmuga’ saioan (11:30)

Aste honetan Basque Team Fundazioak ekoiztutako ‘BAT To Paris’ telesaila estreinatuko da skateari eskainitako ‘Aire berriak olinpismoan’ izeneko atalarekin.

Kapituluak, hasteko, ‘La Kantera’ aipatzen du, Euskadiko lehen skateparketako bat, kirol honetan aitzindari izan zirenetako batzuek sortu zutena. Laurogeiko hamarkadaren erdialdean, Getxon, gazte talde bat elkartu zen skateboard-a modako kirola baino zerbait gehiago eta bizitza ulertzeko modu bat izan zedin. Skater horietako bat Alain Goikoetxea da, estatuko egungo hautatzailea, eta diziplinari lotuta jarraitzeaz gain, zuzenean sartuta dago, programa olinpikoaren parte izatean, kirol honek eman duen hurrengo urratsean.

Skatea olinpikoa izan zen lehen aldiz Tokio 2020an, eta orduan euskal partaidetza izatea ezinezkoa izan bazen ere, oraingoan, Paris 2024an, eskuragarria da.

Kapituluan skateak dituen bi modalitateak aipatzen dira, park eta street, eta bakoitzean egungo euskal izar handienei ematen zaie protagonismoa: Naia Laso bermeotarrari eta Afrika Criado gasteiztarrari. Biek sekulako hobekuntza izan dute azken hilabeteetan eta sailkapen olinpikoa lortzeko lehian dabiltza. Lortuz gero, Afrikak finalerdietara iristea du helburu, eta Naiak podiumera igo nahi du, jokatutako azken proba puntuagarrian, Dubaikoan, urrea irabazi eta gero.

‘BAT To Paris’
2024ko Pariseko Joko Olinpiko eta Paralinpikoetan lehiatzeko borrokatu diren euskal kirolarien ahalegina Euskal Telebistan apirileko azken asteburutik aurrera astero eskaintzen diren erreportajeetan islatuko da. ‘BAT to Paris’ek, ‘BAT To Rio’‘BAT To Pyeongchang’‘BAT To Tokio’ eta ‘BAT To Beijing’ programen lekukoa hartu du, aipatutako saioek aurreko udako eta neguko hitzordu olinpiko eta paralinpikoetan parte hartu zuten euskal kirolariak aurkeztu baitzituzten, antzeko formularekin.

Erreportaje sorta honek ikus-entzunezko istorio handien osagaiak biltzen ditu, kirolarien ametsak, erronkak eta gainditzeko irrikak kontatuta. Programak pertsonen profil hori du ardatz, ikuslea haien borrokan eta asmoetan inplikatzeko helburuarekin.

‘BAT to Paris’Korima Films ekoiztetxeak egina, astero eskainiko da pantaila txikian, igandeetan, ETB1eko ‘Helmuga’ saioaren barruan. Saio bakoitzak 10 minutu inguruko erreportaje bat du. Beraz, Joko Olinpikoak eta Paralinpikoak gertatu baino aste batzuk lehenago, ikus-entzuleek Parisko hirian lehiatzeko sailkapena lortzeko borrokan aritu izan diren euskal kirolarien zati handi bat ezagutzeko aukera izango dute.

Programak irudi ikusgarriak eta ikus-entzunezko baliabide modernoenen erabilera barne hartzen ditu.

Basque Team Fundazioa
Fundazioa 2007an sortu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Irrati Telebista (EiTB) erakunde publikoak. Hasieran bezala, BASQUE TEAMen helburua baliabide ekonomikoak eta era guztietako zerbitzuak (medikoak, teknikoak, psikologikoak, komunikaziokoak, laneratzekoak eta ikasketen arlokoak…) ematea da, profesionalak ez diren euskal kirolariei, haien parte-hartzea errazteko eta nazioarteko lehiaketarik gorenetan bikaintasun-emaitzak lortzeko.