basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
AlbisteakSurfa 06
martxoa
2024

Nadia Erostarbek, Janire Gonzalez-Etxabarrik eta Andy Crierek Puerto Ricoko Munduko Surf Txapelketan lortutako pase olinpikoak aurkeztu dituzte Donostian

Hiru surflariak eta Baionako Joan Duru kirolaria Tahitin lehiatuko dira, surfa programa olinpikoan izango den bigarren aldian

Nadia Erostarbek, Janire Gonzalez-Etxabarrik eta Andy Crierek, Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzailearekin batera, harrotasunez erakutsi dituzte Puerto Ricoko Munduko Txapelketan lortutako txartel olinpikoak, euren taldekideek, teknikariek eta Euskadiko Surf Federazioak ohore guztiekin hartu ondoren.

Euskal surfaren familia osoak Basque Team Fundazioak deitutako prentsaurrekoarekin bat egin nahi izan du, Arecibon jokatutako World Surfing Games txapelketan lehiatu diren euskal surflari guztien parte hartzeak ekarri duen festara batzeko. Nabarmentzekoa da Erostarbe, Gonzalez-Etxabarri eta Criere, Parisko Jokoetan parte hartzeko txartela lortu dutela eta Teahupooko olatu mitikoan surfeatuko dutela, Tahitin.

Polinesia Frantseseko uhartea, Olinpiar Jokoetarako surfaren egoitza, Frantziako hiriburutik 15.716 kilometrora egongo da, eta bertan elkartuko dira hiru euskal surflariak espezialitateko munduko kirolari onenekin indarrak neurtzeko. Guztira 48 surflari lehiatuko dira Tohure ‘en, 24 emakume eta 24 gizon, guztira Tokioko 2020ko Jokoetan baino zortzi gehiago.

Horien artean, Nadia Erostarbe, Janire Gonzalez Etxabarri, Andy Criere eta Baionan jaiotako Joan Duru surflaria egongo dira. Puerto Ricoko Munduko Txapelketan bidea luzea eta bizia izan da, baina oso emankorra euskal surflari guztientzat. Nadia Erostarbe eta Joan Dururen laugarren postuak azpimaratu behar dira. Zarauzko surflariak txapelketa nagusitik aurrera eginez egin du final handira arteko ibilbidea, eta laugarren postu historikoa eskuratu du. Dururen kasuan, errepeska edo bigarren aukerako txanda bakarra jokatu behar izan zuen eta horrek ez zuen kikildu, final handia jokatzeko pasea ere lortu baitzuen, laugarren amaituz. Lan bikaina Andy Crierererena ere. Surflaria emozioak kontrolatzeko eta lehiaketa paraleloan aurrera egiteko gai izan da seigarren postuan amaitzeko. Janire Gonzalez-Etxabarri lehen kanporaketan erori zen, baina hori ez da oztopo izan borrokan jarraitzeko eta sailkapen nagusiko hamabosgarren postura iristeko.

Laurek izugarrizko txapelketa egin dute eta pasaporte olinpikoa poltsikoratu dute, benetako altxorra, baina gainerako surflarien lana ere nabarmendu behar da. Yago Dominguezek hogeita bigarren postuan bukatu du eta Kai Odriozola eta Keoni Lasa Munduko hogeita bosgarren eta hogeita hamaikagarren izan dira.

2024ko ISA World Surfing Games-ak betiko lotuta geratuko dira euskal surfaren historiarekin. Pisu berezia duten surflariei, duten esperientziagatik, surflari gazte talde bat gehitu zaie, aro berri bat markatzeko moduko trebetasun eta gaitasuna duena.

Surfa kirol estrategikoa da Eusko Jaurlaritzarentzat eta hala jasotzen du Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak garatutako 2030 urte arteko Estrategia Planean. Basque Team Fundazioak euskal surfaren aldeko apustua egin zuen duela urte batzuetatik hona Euskadin diziplina honetan izan den izarrik handienari, Aritz Aranbururi, laguntza emanez. Gero, Nazioarteko Batzorde Olinpikoak kirol hau programa olinpikoan sartu zuenetik, surflariek laguntza jaso dute fundazioak urtero banatzen dituen banakako beken bidez, Euskadiko Federazioarekin batera sustatutako bikaintasun-proiektuen bidez, eta irteerak, kontzentrazioak eta lan espezifikoak bultzatzeko laguntza osagarrien bidez.