basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Albisteak 28
otsaila
2024

Surflari euskaldun guztiek aukerekin jarraitzen dute Puerto Ricoko Munduko Txapelketan

Lehiaketa nagusia eta bigarren aukerakoa aldi berean jokatu dira gaur Puerto Ricoko Arecibo herrian egiten diren World Surfing Gamesetan, El Rastrial eta El Picoko podiumetan.

Lehiaketa nagusiari dagokionez, Nadia Erostarbek, Joan Duruk eta Andy Crierek beste pauso bat eman dute plaza olinpikora bidean, laugarren kanporaketan kokatuz jada. Nadia Erostarbek esan du lasai dagoela eta bere surfingaz gozatzen jarraitzen duela, nahiz eta eguraldia eta olatuak aldakorrak izan. Aurreko hilabeteetan Arecibora bidaiatuz landu duten zerbait da, tokia ezagutzeko eta bertako olatuen egoeretara hobeto egokitu ahal izateko etorri baitziren hona gure surflari gehienak. Zarauzko zurfistak aurrera egin du gaur lehiaketako koadro nagusian, hirugarren kanporaketako txandan bigarren postuan amaituz. Nadiak (9.90) Yolanda Sequeira portugaldarraren (11.80) atzetik bukatu du, eta Dominic Barona ekuadortarraren (7.37) eta Enilda Alonso panamarraren (5.26) aurretik.

Joan Duruk ere hirugarren kanporaketa gainditu du, bere surfari distira ateraz eta esperientziatik tiraka. Duruk badaki zer den Munduko txapelketa bat irabaztea eta Puerto Ricon koroa errepikatu nahi du, bere lehen Jokoak jokatzeko txartela ziurtatzeaz gain. Gaur oso txanda zaila izan du, baina bere eskarmentuak bere txanda irabaztea ahalbidetu dio (12.53), Kauli Vaast frantziarra (11.07), Ramzi Boukhiam marokoarra (11.03) eta Leon Glatzer alemaniarra (9.37) bezalako surflariei gailenduta.

Andy Criere ere oso surf sendoa erakusten ari da Puerto Ricon. Ez du lasaitasuna galtzen eta arreta ikaragarriari eusten dio orain arteko emanaldi guztietan. Berak Arecibora joandako Basque Teameko komunikazio taldeari esan dion bezala, agian gauzarik garrantzitsuenetako bat txanda bakoitzean “presente” egoteko gaitasuna da, horrela erabaki onenak hartu ahal izateko. Andy bigarren izan da bere txandan (8.67), Rio Waida indonesiar surflari handiaren atzetik (12.40) eta Maksymilian Michalewski poloniarraren (7.80) eta Anthony Fillingim costarricarraren (6.96) aurretik.

Erostarbek, Duruk eta Criererek ez bezala, Yago Dominguezek ez du zortea alde izan gaurkoan. Kirolari bizkaitarra oso ondo aritu da surfean egun hauetan, baina gaur ez du jardunaldi ona izan, eta berak aitortu du ez dela oso gustura geratu egindako lanarekin. Bere txandako azken postuan bukatu du (9.17), azken minutuetan egoerari buelta eman ezinik, eta Arran Strong britainiarrak (10.93), Tim Elter alemaniarrak (9.87) eta Eliya Dvid Sasi israeldarrak mendean hartu dute.

Errepeskeari dagokionez, gure hiru ordezkariek etxeko lanak egin dituzte eta adar paralelo horretatik aurrera egiten jarraitzen dute. Janire Gonzalez-Etxabarri zumaiarra laugarren kanporaketan sartu da multzoko lehen postuan. Kai Odriozola donostiarrak gauza bera egin du, 8.23ko olatu bat eta 7.67ko beste bat sinatuz. Keoni Lasa izan da gaur uretan sartzen azkena, eta bere serieko bigarren postua erdietsi du, gaur ere oso sendo agertuta.

Bihar lehia nagusiko laugarren kanporaketa jokatuko dute eta bigarren aukerakoan beste bi egingo dituzte: laugarrena eta bosgarrena.