urria
2023
Ibone Belaustegigoitiari eskainitako atalak “Geldiezinak” saila estreinatuko du asteburu honetan
Dokumental sorta osatzen duten 12 atalak igande goizez izango dira ikusgai ETB1eko “Helmuga” saioan (11:30)
Klabadista ohia izan zen Joko batzuetan lehiatu zen lehen emakume euskalduna. Londresen egin zuen, 1948an, Mexiko ordezkatuz, han erbesteratua izan baitzen bere familiarekin batera, ume bat zela.
Yucatanen (Mexiko) grabatutako kapitulu honek Iboneren historia kontatzen du, eta bere egunerokotasuna erakusten du, beste kontu batzuetan sakonduz. Londrestik (1948) Seulera (1988) ez zen euskal emakumerik izan Jokoetan. Zer zailtasun izan ziren Euskadin eta, oro har, Munduan hori gertatzeko? Zergatik da berezia Ibone Belaustegigoitiaren kasua? Kapituluak Patxi Solano bere ilobaren eta Julio Calleja EHUko katedradun eta Hezkuntza eta Kirol Fakultateko dekanoaren testigantzak ere jasotzen ditu.
‘Geldiezinak-Imparables’
Helburua da goi-mailako euskal kirolaren historian nabarmendutako emakumeen lana eta lorpenak balioestea, eta, horregatik, Eusko Jaurlaritzak erabaki du proiektua Basque Team Fundazioaren bidez gauzatzea. Horrela, azken urteotan Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak eta Fundazioak berak emakume eta gizonen arteko berdintasunarekin lotutako politikak bultzatzeko hartutako ildoarekin jarraitzen da.
Alde batetik, ‘Korima Films’ek ekoitzitako ‘Geldiezinak’ dokumental saila astero eskainiko da ETB-1en, igandeetan, 11:30ean, ‘Helmuga’ saioaren barruan. Gainera, formatu elebidunean banatuko da, azpitituluekin, Basque Team Fundazioaren gainerako kanaletan (youtube, webgunea eta sare sozialak) eta EiTBko ‘Primeran’ plataforman. Kapitulu bakoitzak hamaika minutu inguruko iraupena izango du, eta protagonista nagusi bat, nahiz eta beste kirolari eta kirol-arloko pertsona batzuek ere lagunduko dioten. Hala, Ibone Belaustegigoitia, Joko batzuetan lehiatu den lehen emakume euskalduna, Maialen Chourraut hiru domina olinpikoren jabea, Maider Unda, Ainhoa Ibarra, Ainhoa Murua, Eli Pinedo, Almudena Cid, Leire Olaberria, Maider Telleria eta Sara Carracelas olinpikoak, Edurne Pasaban alpinista eta Karmele Gisasola, Nerea Arruti eta Alazne Etxaburu herri kiroletako izarrak, izango dira, besteak beste, protagonistak.
Kapitulu bakoitzean, emakumeen kirol-unibertsoaren berezitasunak ulertzen lagunduko duten gai interesgarriak landuko dira zeharka; esate baterako, amatasuna, estereotipoen haustura, plangintza espezifikoen beharra emakumearen fisiologia kontuan hartuta, kirol-erakundeetako erabaki-postuetan emakumeen presentzia bultzatzeko beharra, prestakuntza mentala, emakumea goi-mailan egotea erraztuko duten egituretan inbertitzeko beharra…
Dokumentalekin batera podcast sorta bat ere egin da, gai eta protagonista berberekin, eta bakoitzak 20 minutuko iraupena izango du. Horiek EiTB taldeko plataformen bidez entzun ahal izango dira.