Naia Laso Basque Teameko skaterrak bosgarren amaitu du Parkeko Munduko Txapelketan
Munduko txapelketa absolutu bateko bere lehen finalean lortutako bosgarren postuak 39.168 puntu oso baliotsu eman dizkio Paris 2024ko plaza olinpikora asko gerturatzeko
Naia Lasok aise bete du Ostia-Erroman jokatu den Skate Parkeko Munduko Txapelketarako ezarritako helburua. Lehenik eta behin, finalerdietan sartzea zen bere asmoa, horrela Dubain 2022an erdietsitako emaitza berdintzeko, baina behin kota horretara iritsita, hurrengo helburua Munduko onenekin finalean sartzea zen, eta lehia estua izatea kirol honetako izarrekin. Hala egin du eta maila bikaina erakutsi du, gainera.
Naia Lasok Sakura Yosozumi, Hinano Kusaki eta Kokona Hiraki japoniarrak, Minna Stess eta Ruby Lilley estatubatuarrak, Raicca Ventura brasildarra eta Lilly Stoephasius alemaniarra izan ditu aurkari finalean. Laso, 14 urtekoa, 16 urteko batez besteko adina izan duen final bateko gazteena izan da. Sakura Yosozumi izan da skater beteranoena, 21 urterekin.
Gaur ere 45 segundoko hiru saiakera egin behar izan dituzte, eta erorikoa izanez gero, une horretan bertan bukatzen ziren. Finalerdian bezala, Naiak bere lehen seriean egin du emanaldirik onena. Star Wars filmeko soinu-bandaz lagunduta, Yoda pertsonaiarekiko duen zaletasunagatik, Naia oso sendo agertu da Spot Skateparkean, 86.25eko puntuzioa lortuz eta sailkapenaren buruan jarriz. Harmailetan, urduri zegoen Roberto Laso, bere aita, Danny Leon skaterrarekin batera.
Lehen txanda amaitzean Bermeoko skaterra goian zihoan, bigarren postuari eutsiz, nahiz eta oraindik asko zegoen aurretik. Bigarren saiakeran Munduko izar nagusiek indarra hartu eta maila bat igo dute. Minna Stess estatubatuarrak 90.80 puntu lortu ditu eta Hinano Kusaki eta Kokona Hiraki japoniarrek 93.20 eta 94.54, hurrenez hurren. Naiak oreka galdu du bere bigarren txandan, eta 56.65eko emaitzarekin puntuatu dute bere jarduna. Hirugarren saioa egin baino lehen, Laso harmailetara hurbildu da, eta aitari esan dio ez zuela ezer galtzeko eta zailenaren bila joan behar zuela podiumean sartzeko. Hala ere, berriro oreka galdu du, eta 15.11 puntu lortuta, bosgarren postura jaitsi da. Azkenik, Hirakik irabazi du urrea, Kusakik zilarra, Stessek brontzea eta laugarren postua Raicca Ventura brasildarrarentzat izan da, 87.59 punturekin.
Naia Lasok kirol honetako nazioarteko izarretako bat dela erakutsi du eta aurrerapauso handia eman du sailkapen olinpikoari begira. Txartel olinpikoa lortzeko lehia bigarren fasean sartuko da, datorren urtearen hasieran Dubain puntuagarria izango den Munduko Txapelketa ere jokatu beharko dutelarik. Gaurko bosgarren postuari esker Naia Lasok 39.168 puntu oso baliotsu eskuratu ditu Paris 2024rako plaza lortzeko.