basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Albisteak 04
urria
2023

Peio Gonzalez eta Egoitz Bijueska Ostia-Erromako final laurdenetara igaro dira Skate Parkeko Munduko txapelketan, Ostia-Erroman

Alain Kortabitartek ez du 27 onenen mozketa gainditu

Park modalitateko Skateko Munduko Txapelketa gaur hasi da Italiako Ostia herrian, eta bertan parte hartzen duten 123 mutilak aritu dira gaurko jardunaldian. Gaur sailkapen txandak jokatu dira eta gure rider-ek lan ona egin dute.

Egoitz Bijueska izan da euskaldunen artean lehiatzen lehena. Basque Team Fundazioak eta Patinajeko Euskal Federazioak abian jarritako bikaintasun-proiektuaren partaideak Ostiako Spot Skateparkera egin du jauzi, taula gainean duen harrotasun guztia erakutsiz, 12 urte besterik ez dituen arren. Bilbotarrak 66.42ko puntuazioa lortu du lehen saiakeran eta 46.15ekoa bigarrenean, bigarren saio horretan erorikoa izan baitu. Sailkapen-txandan, patinatzaile bakoitzak 45 segundoko tartean egiten ditu trikimailuak, eta haien artean ondoen baloratutakoa hartzen da aintzat. 66.42 puntuek Egoitz jarri dute sailkapen nagusiaren gorenean eta arratsaldera arte, baina Dani Mateuk lidergoa kendu egin dio laugarren txandan. Egoitzek bukaerara arte itxaron behar izan du, rider guztiek bukatu arte, jakin ahal izateko sailkatuta zegoen ala ez. Azkenean lortu du, 27. postuan amaituz. 27 onenak hurrengo txandara pasatzen ziren. Guztira 32 skater izango dira final-laurdenetan, baina sailkapeneko bost onenek ziurtatuta zuten txartela.

Laugarren txandan Peio Gonzalez Sopelako skaterra ere lehiatu da. Basque Teameko bekadunak lan polita egin du, eta lehen saiakeran oreka galdu duen arren, nabarmen hobetu du bere bigarren saio kronometratua. Lehen jarduketari 48.54 eman diote, eta bigarrenari 69.73, eta azken honi esker arratsaldearen zati handi batean taularen buruan jarri da. 14. tokian bukatu du azkenean, sailkapena alde nahikoarekin erdietsiz.

Basque Team Fundazioaren beka ere jasotzen duen Alain Kortabitarte izan da lehiatzen azkena. Eguneko seigarren txandan kokatu dute eta 63.00ko eta 51.18ko puntuaketak eman dizkiote. Bere jarduna gaizki egon ez den arren, ez da nahikoa izan sailkapen nagusiko goiko postuetan jartzeko. 30 izan da donostiarra.

Bihar neskek hartuko dute lekukoa Munduko Txapelketa honetan. Gadea Moja eta Hegoa Zabalburu getxoztarrak eguneko lehen txandan lehiatuko dira (09:15) eta Naia Laso bermeotarra bosgarrenean (14:15).

Ostia-Erromako Parkeko Munduko Txapelketa hau 2024ko Pariseko Olinpiar Jokoetarako puntuagarria da. Parkeko zein Streeteko modalitateak lehen aldiz parte hartu zuten Tokioko Jokoetan.