Maialen Chourrautek seigarren postuan bukatu du kayak kroseko lehia Lee Valleyko Munduko Txapelketan
Maialen Chourraut Basque Teameko piraguistak seigarren amaitu du Munduko txapelketan jokatu den modalitaterik muturrekoena, lehen aldiz olinpikoa izango dena 2024ko Parisko Jokoetan.
Lasartekoa izan da kanporaketa fasera sartu den euskal ordezkari bakarra. Maialenek hamargarren bukatu du kronometratutako txanda, 82.38ko denborarekin, eta 3.58 segundora azkarrena izan den Camille Bilent frantziarrarekiko.
Lau txandatan jokatzen diren kanporaketetara pasatzen ziren 20 onenak. Miren Lazkanok 25. postuan bukatu du, Klara Olazabalek 51.ean, Olatz Arreguik 62.ean, eta Pau Echanizek 43.ean gizonezkoen koadroan.
Lehen kanporaketetan dominadun olinpiko hirukoitzak zazpigarren txandan hartu du parte, eta bigarren postuan helmugaratu da, Marjorie Delassus frantziarraren atzetik. Final-laurdenetan atzeratuta zegoela zirudien, une batean laugarren baitzen, baina azken erremonteko borrokaren ondoren hirugarren izatera pasa da eta Delassusen akats batez baliatuta, azken unean bigarren postuan sailkatzea lortu du, Noemie Foxen ondoren. Kanporaketa maldan gora jarri zaion arren, Chourrautek ez du amore eman eta finalerdietara iritsi da.
Finalerdian Emma Vuitton frantziarrarekin, Kimberley Woods britainiarrarekin eta Noemie Fox australiarrarekin lehia estua izan du. Hala ere, lehenengo biek egin dute Aurrera, final handira. Urrea Kimberley Woods britainiarrak irabazi du, zilarra Camille Reent frantziarrak eta brontzea Eva Tercelj esloveniarrak. Gizonezkoetan Joseph Clarke britainiarra, Boris Neveu frantziarra eta Martin Dougoud suitzarra igo dira podiumera.