
Agurtzane Egiluzek, Naiara Rodriguezek eta Bea Zudairek brontzea lortu dute Rotterdamgo Europako Txapelketan
Taldeak Alemaniari irabazi dio (48-49) eta Madril 2021eko dominaren metala errepikatu du horrela
Espainiako emakumezkoen gurpildun aulkiko saskibaloiko selekzioak Europako onenen artean dagoela erakutsi du berriro, Rotterdamen (Herbehereak) brontzea eskuratu eta gero. Gaurkoa jarraian bereganatutako brontzezko bigarren domina da, 2021ean Madrilen lortutakoaren ondoren. Gaur Alemaniari luzapenean irabazita diote (48-49), emozioz beteriko norgehiagokan.
Belaunaldi-aldaketak eta azken urteetako lanak fruituak ematen hasi ziren 2021eko Tokioko Joko Paralinpikoetarako sailkapen historikoarekin, baina gero hitzordu handietan erakutsi dute hura ez zela irudipen soil bat. Azken hiru urteetako bi domina kontinentalek agerian utzi dute aulkian Adrian Yañez ordezkatu zuen Franck Belenek zuzentzen duen talde honen lan ona.
Parekotasun handiz ekin diote partidari eta lehen laurdena markagailuan 6-12koarekin bukatu da. Alemaniarren etsipenaren aurrean, Espainiak erritmoa hartu du bigarren partzialean, hegan egin eta atsedenaldira 15-28 emaitzarekin joateko. Aldageletatik bueltan, partida distira gutxiko fasean sartu da, eta Egiluzen, Rodriguezen eta Zudaireren taldeari saskipeko inspirazioa amaitu zaio, hirugarren laurdenean bost puntu besterik ez baitituzte lortu. Azken laurdenean Espainia ahul ibili da defentsan eta Alemaniak, Svenja Mayer, Miller eta Annabel Breuerrekin, neurketaren norabidea irauli du (40-39). Bea Zudairek hiru saskiratze lortu ditu, baina Millerrek luzapena behartu du (45-45).
Gehitutako denbora horretan, urduritasunak bi taldeak blokeatu ditu. Naiara Rodriguezek aurretik jarri du Espainia, baina gero Millerrek lehia berdindu du (47-47). Amaierarako bi minutu eta erdi falta zirenean, Zudairek saskiraketa erabakigarria lortu du eta alemaniarrek jaurtiketa libre bakarra egin dute (48-49).
Landutako garaipena oso ospatua izan da. Pozez hartu dute gaurko emaitza eta pozez hartzen dute hurrengo erronka ere: datorren urteko apirilean Japonian 2024ko Pariseko Jokoetarako txartela lortzeko jokatuko duten aurreparalinpikoa.