basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Surfa 04
abuztua
2023

“Finaletako garaikurrak etxera ekarri nahi ditut”

Aitor Francesena Basque Teameko surflariak Munduko bi zirkuituetan sailkapen nagusia bereganatu eta gero, finalak irabazi nahi ditu

Urte zinez berezia izaten ari da 2023koa Aitor Francesenarentzat. Munduko bi zirkuituak poltsikoratuta, Europako txapelketa ere irabazi du aurten zarauztarrak. Nazioartean hara eta hona ibili eta gero, etxean, Zarautzen, berarekin izan da Basque Teameko komunikazio taldea, aurtengo balentriez hitzegiteko.

“Lan handia egin dut, bai fisikoki bai teknikaren barruan eta materiala prestatzen ere, banekielako urtea gogorra eta luzea izango zala. Urte erdian gaude eta bi zirkuitu mundial pribatuak irabazita edukitzea eta Europako txapelduna izatea, lan egin eta gero, sekulakoa da. Nire aurpegian ikusten dena baino gehiago dut barrutik. Oso pozik nago eta uste dut pena merezi izan duela. Momentu batzuetan pentsatzen duzu… nolako lana egiten ari naizen gero gauzak ez badira irtetzen, baina gauzak irtetzen direnean konturatzen zara egindako lan guztiak pena merezi izan duela” baieztatzen du Francesenak.

Dena ondo aztertuta, bere adinak eta esperientziak abantailak ere badituela azpimarratzen du ‘Gallok’. “Gaztetxoekin konparatuta, beraiek daukate fisikoa oso ona eta nik burua; horregatik burua zaintzen dut eta horrela eramaten ditut gauzak. Gogor eginda eta zainduta, horrela lortzen ditut emaitzak”.

Mundu mailako bi zirkuitu pribatuak bereganatu ditu jada, orain helburu nagusia da bietan finalak irabaztea: US Open Adaptive, irailaren 6tik 10era Oceansiden (Kalifornia) ospatuko dena, eta bestetik AMP Surfak antolatutakoa, urrian edo azaroan Huntington Beachen edo Pismo Beachen jokatuko dena.

“Bi zirkuituetatik lau txapelketa egin ditut eta danak irabazita orain geratzen zaizkit final handiak. Dena ondo egin dut eta orain final horiek etxera ekarri nahi ditut” dio Francesenak.

Aitor Francesena Espainiako txapelduna da zalantzarik gabe, 2016an eta 2020an Munduko txapeldun izan zen, 2017an brontzea irabazi zuen eta 2018an eta 2021ean laugarren izan zen. Orain arte egindako guztiaz gain, iaz, 2022an, Munduko zirkuituan lehiatzen hasi zen eta bereganatu egin zuen gainera. Hainbat arlotan aitzindari izan da eta Joko Paralinpikoetan ere lehenengotarikoa izan nahi du. “Ea Joko Paralinpikoetan egotea gustatuko zitzaidan? Bai, bai eta bai. Kirolari bezela horrekin bukatzea eta hori irabaztea Itzela izango zen.  Aukera hori ematen baldin badidate, Los Angeles 2028an egotea, irabaztea, garaipen hori etxera ekartzea eta nire ibilbidea holan amaitzea ikaragarria izango litzateke”.

Oraindik zarauztarrak ez daki Los Angelesen lehiatuko den ala ez baina garbi dauka helburu hori eta orain begiz jota dituen beste guztiak lortzeko, ezinbestekoa dela babesleen laguntza.

“Argi dago zirkuituak oso luzeak direla eta diru asko behar dela hori aurrera eramateko, horregatik nirekin dauden babesle guztiei eskertu nahi diet, Basque Teami eta beste guztiei. Oraingo honetan aprobetxatuko dut zuekin elkarrizketa hau dudala Basque Teami eskerrak moteko. Mila mila esker!” bukatu du Aitorrek.