
Nahia Zudaire Basque Teameko igerilaria, Munduko txapeldunorde estilo libreko 400 metrokoan
Iñigo Llopis bosgarren izan da proba berdinean, gizonezkoetan
Nahia Zudairek zilarrezko domina eskuratu du gaur Manchesterren hasi eta abuztuaren 6ra arte jokatuko den igeriketa egokituko Munduko txapelketako estilo libreko 400 metroko proban.
Basque Team fundazioaren beka duen igerilariak 2021eko Tokioko Joko Paralinpikoetan parte hartu zuen, estatu eta nazioarte mailako izarretako bat da, eta gaur lehiatu den proban, bere proba gogokoenean, nagusi izaten jarraitzen duela erakutsi du. Nahiak Ingalaterrara joan aurretik esan zuen asko gozatzen ari dela denboraldi honetan bere entrenamendu onei esker, eta podiumera igotzeko itxaropena zuela, Madeiran jokatutako aurreko Munduko Txapelketetan egin zuen bezala.
Goizean bikain aritu da S8 klaseko sailkapen txabdan, lehen postuan amaitu du eta 5:10.90eko denbora egin du, Vendula Duskova txekiarraren (+5.58) eta Cecilia Kethlen Jeronimo de Araujo brasildarraren (+5.69) aurretik.
Arratsaldeko finalean, are gehiago hobetu du bere denbora, eta 5:05.91ko markarekin podiumeko bigarren tokira igo da, Xenia Palazzo italiarraren atzetik (5:01.46) eta lehen aipatutako Cecilia Kethlenen aurretik (5:08.94).
Gaur lortutako dominak balio bikoitza du, izan ere, Munduko txapelketak ematen duen ospeaz gain, 2024ko Pariseko Joko Paralinpikoetarako plaza ematen du. Urre eta zilar bakoitzak txartel zuzena maten du hitzordu paralinpikorako, baina kontuan izan behar da plaza horiek ez dutela oraindik izen-abizenik, herrialdeari ematen zaizkiola.
Bestalde, Iñigo Llopis Basque Teameko igerilariak bosgarren amaitu du gizonezkoen koadroko estilo libreko 400 metrokoan. 4:40.64ko denborarekin bukatu du proba, Alberto Amodeo italiarraren (4:25.63), Haijiao Xu txinatarraren (4:32.11), Noah Jaffe estatubatuarraren (4:35.04) eta Philippe Vachon kanadarraren (4: 38.95) ondoren. Bihar Llopisek bere proba fetitxea jokatuko du: bizkar estiloko 100 metroak.