basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Piraguismoa 01
uztaila
2023

Pau Echaniz piraguistak zortzigarren amaitu du Europako Jokoetako K1eko finalean

Maialen Chourraut Basque Teameko palistak ezin izan du finalean sartu

Pau Echanizek, Basque Teamek eta Euskadiko Piraguismo Federazioak gidatutako bikaintasun proiektuaren partaideak, eslalon piraguismoaren egungo talentuetako bat dela erakutsi du, zortzigarren postua erdietsiz Krakovia-Malopolskako Europako Jokoetako K1eko finalean.

Pauek oso finalerdi ona egin du, zazpigarren postuan amaituz, 90.96ko denborarekin, eta penalizaziorik eduki barik, aterik ukitu ez duelako. Donostiarrak bazekien helmugara iristean, denbora eta jaitsiera oso onak izan direla.

Finalean, Echanizek zortzigarren postua eskuratu du. Finalerdietako txandan baino denbora diskretuagoa eginda, 96.46, eta bi ate jota, laua eta 16a, Jiri Prskavec txekiarrarengandik +8.25era amaitzeko. Zilarra Martin Dougoud suitzarrarentzat izan da eta brontzea Joseph Clarke britainiarrarentzat.

Pau Echanizek lortutako emaitza oso positiboa da irailean Lee Valleyn jokatuko den Munduko Txapelketari begira, eta posizio onean dago balizko sailkapen olinpiko bati begira.

“Mentalki ona naizela uste dut. Niri gehien gustatzen zaidana lehiaketa da, bertan pasatzen dut ondoen. Goian nagoenean, beti jaisteko gogo handia dut, bost minutu lehenago jaisteko irrikan nengoen, eta hainbeste gustatzen zaidanez, horregatik doa ondo. Oso gustura nago errendimenduarekin eta jaitsierarekin. Oso pozik nago” adierazi dio Pauek Poloniara joandako Basque Teameko komunikazio taldeari.

Pau Echaniz txapelketa aparta egiten ari da Krakovian, banakako finaleko zortzigarren postuari David Llorente eta Miquel Traverekin batera lortutako urrea gehitu behar baitzaio. Kategoria absolutuan gaurkoa bere emaitzarik onenetakoa da, 2021ean Seu d’ Urgelleko Munduko Kopan eskuratutako laugarren postaurekin batera.

Bestalde, Maialen Chourraut hiru domina olinpikoren jabea ez dago punturik gorenean azken asteetan, eta ezin izan da finalean sartu. Jaitsiera apur bat motela egin du finalerdian eta 14. atea ukitu du, 13. atean kokatutako erremonte baten ondoren jarritako atea (kirolari askok huts egin dute bertan). Maialen hamazazpigarren izan da finalerdian, 107.35eko denborarekin (+5.56 Elena Lilik alemaniarrarekiko). Lasartearrak nabarmendu du ez dela beti erraza finalera pasatzen diren hamar onenen artean egotea eta denboraldiko helburu nagusia Lee Valleyko Munduko Txapelketa dela, bertan 15 plaza olinpiko banatuko dira eta.