basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Surfa 04
ekaina
2023

Aranburuk, Ochoak, Erostarbek, Lasak eta Duruk aurrera egin dute El Salvadorreko Munduko surf Txapelketako bigarren aukerakoan

Adur Amatriain at geratu da lehiaketa paraleloko laugarren kanporaketan

ISA World Gameseko bosgarren jardunaldia oso luzea eta bizia izan da. Euskal surflari gehientsuenak saiatzen ari dira orain errepeskan aukerei eusten, Pauline Ado izan ezik, txapelketa nagusian geratzen den euskal rider bakarra baita bera.

Gaur egun, Pauline ez da uretan sartu, baina Ariane Ochoak, Nadia Erostarbek, Aritz Aranburuk, Keoni Lasak, Adur Amatriainek eta Joan Duruk bai egin dute. Denek egin dute aurrera euren neurketetan, Adur Amatriain izan ezik, Munduko txapelketatik kanpo geratu baita.

Ariane Ochoak lehen postuan bukatu du gure surflariek Sunzalen jokatu duten lehen txandan. Guztira 10.37 puntu lortuta, bilbotarrak Margarita Conde kolonbiarra, Eva Jarrard samoarra eta Annissa Flynn thailandarra gainditu ditu. Bere seriea amaitzean, Ochoak El Salvadorrera joan den Basque Teameko taldeari esan dio errepeskako 15 minutuko txandak oso laburrak eta fisikoki oso zorrotzak direla olatu bat zamalkatu, gora egin eta hurrengorako berriro kokatzeko. Hala ere, lasai dago, jakin badakielako alde fisikoa hobekien ematen zaionetariko bat dela.

Nadia Erostarbe ere bigarren aukerako laugarren kanporaketara pasa da bere multzoko lehen postuan, 7.83ko olatu bat eta 5.83ko beste bat pilatuz, eta Lucia Indurain argentinarraren (9.00), Nibie Blancada filipinarraren (8.20) eta Yolanda Sequeira portugaldarraren (8.14) aurretik amaituz.

Joan Duruk ahalegin guztiak egin behar izan ditu Bocanako olatuan aurrera jarraitzeko. Iparraldeko surfistak hiru txanda egin ditu gaur, baina Basque Teami esan dio ez zegoela nekatuta hirugarrenaren amaieran. Lehenengoan ez du arazorik izan Kaspar Hamminga holandarra, Ricardo Delgado perutarra eta Ahmed Agil Maldivetako surflaria gainditzeko. Bigarrenean, ordea, denboraz kanpo itxaron behar izan du bere azken olatuaren nota bigarren moduan aurrera egiteko (9.80), Ryan Callinan australiarrarekin batera (10.33), eta Romeo Chavez kolonbiarraren (9.43) eta Guillermo Satt txiletarraren aurretik (6.60).

Aritz Aranbururen txanda, Joan Dururen bigarrena bezala, antologikoa izan da, edo gehiago agian. Bi aldiz izan ditu ikusleak irrikaz, txundituta. Bigarrenean, arauzko denbora amaitu ondoren ere, epaileen puntuazioaren zain. Aritzek bere jakinduria atera du, eta aurkariek bere olatuei etekin handiagoa aterako zietela zirudienean, zarauztarrak magia egin du seriean. Aritzek aitortu du gaurkoa denbora luzez gogoratuko duen txanda izango dela; adrenalina dosi handia eman dion txanda. Aritz bosgarren kanporaketara pasa da bere txandako bigarren postuan (13.67), Porfirio Miranda salvadortarraren atzetik eta Ryan Callinan australiarra eta Santiago Muniz argentinarra kanpoan utzita.

Keoni Lasa ere errepeskako bosgarren kanporaketan dago. Zarauztarra ere bikain aritu da bere ‘heat’ean. Gaztea izan arren, ez da arerio adituen aurrean amiltzen. Ez dio olatuak hartzeari utzi txanda osoan zehar eta gainera bere bi onenak oso ederrak izan dira (6.33+6.27). Keoni Lasa ezustekoa ematen ari da txapelketa honetan surf freskoarekin. Guilherme Ribeiro portugaldarra (10.34) Sebastian Olarte uruguaitarra (9.43) eta Dune Kennings zeelandaberritarra (7.57) gainditu ditu.

Beste surflari gazte bat, Adur Amatriain, Keoni bezala Huntington Beacheko 2022ko Munduko Txapelketa absolutuan debuta egin zuena, errepeskako bigarren kanporaketa gainditzeko gai izan da multzoko bigarren postuan (9.30). Hirugarrenean ere gauza bera egin du postu berean, 12.34ko puntuazioarekin. Hala ere, laugarrenean ez da gai izan Joao Chianca brasildarra, Liam OBrien australiarra eta Bryan Perez salvadortarra mendean hartzeko eta behin betiko txapelketatik kanpo geratu da.