
Elikadura zaintzearen garrantzia azpimarratu dute Leticia Canales surflariak eta Mikel Linacisoro eskalatzaileak
‘Baloreetan BAT’ proiektuaren barruan, Basque Teameko kirolariek ohitura osasungarriei buruz hitz egin dute Bilboko Kirikiño Ikastolako ikasleekin
Haurrek gaur egun duten bizimodu sedentarioagoa eta janari prozesatuak eta azukreak gehiago kontsumitzen dituztela kontuan hartuta, elikadura zaintzearen eta ariketa fisikoa egitearen garrantziaz kontzientziatzeko hitzaldiak funtsezkoak dira. Horregatik, ‘Baloreetan BAT’ proiektuaren barruan, Canalesek eta Linacisorok azpimarratu dute era guztietako elikagaiak jan behar direla, fruta eta barazki asko barne, eta oso ondo hidratatu behar dela, azukre gutxiko edariekin eta, batez ere, urarekin. Astean behin ona da motibazioari eusteko kapritxo bat hartzea, ikasleei txantxetan esan dietenaren arabera, baina kontuan hartuta egunerokoan bizimodu osasungarria izaten saiatu behar dela.
‘Baloreetan BAT’ proiektua
Kirolaren mundua esperientziaz eta bizitza-lezioz beteta dago. Gizarte hobe baten eraikuntzan egunez egun aritzeak eta aurrera egiteak adibide onen ispiluan begiratzea eskatzen du. Ildo horretan, eliteko kirol ez-profesionalak baliorik garbienak ditu aurrera egin nahi duen edozein pertsona edo erakunderentzat.
Basque Teamek, 2030eko Agendan adierazitako Garapen Iraunkorreko Helburuak erreferentziatzat hartuta, lehen mailako funtzio soziala garatzen du balio horien proiekzioaren bidez. Bere jarduera eta helburuak kirolaz haratago bultzatzen ditu. Horretarako, jarduera-ildo desberdinak lantzen ditu hainbat arlotan: genero-berdintasuna, hizkuntza-politika, hezkuntza, enpresa-mundua, ingurumena, iraunkortasuna eta abar.