basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Gimnasia 07
maiatza
2023

Salma Solaun gimnastak zilarra lortu du Portimaoko Munduko Kopako bost uztaien finalean

Salma Solaun gimnastika erritmikoan azken bi denboraldietan hainbeste arrakasta lortzen ari den taldearen zutabeetako bat da. Atzo taldeak urrea eskuratu zuen all-around edo Portimaoko Munduko Kopako sailkapen nagusian eta gaur bi final jokatu ditu: bost uztaietakoa eta ariketa mistokoa pilota eta zintarekin.

Tania Lamarca, Lorena Gurendez eta Estibaliz Martinez gasteiztarrak tartean zirela, garai bat markatu zuten eta bi Munduko txapelketa eta 1996ko Atlantako Jokoetan urrea lortu zituzten gimnasta haiek erakutsitako bideari jarraituz, Salma Solaun eta bere taldekideen helburua Parisko Jokoetara iristea eta bertan pozak biltzen jarraitzea da.

Bost uztaien gaurko finalean 34.450 puntu pilatu dituzte ‘Romeo eta Julieta’n inspiratutako ariketarekin, eta Brasilgo taldeak bakarrik gainditu ditu, 34.600eko puntuazioarekin. Italiak 33.800eko notarekin baloratutako ariketarekin osatu du podiuma.

Bost uztaien ariketaren ondoren, pilotarekin eta zintekin jokatzen duten ariketa mistoaren txanda iritsi da. Gaur ezin izan dute dominarik lortu, Italiak (31.000), Frantziak (30.600) eta Japoniak (30.200) irabazi baitituzte. Salma Solaunen taldeak bosgarren bukatu du (28.050), Azerbayanen atzetik (29.350).

Horrela, konbinatua urre bat, zilar bat eta bosgarren postu batekin itzuliko da Portugaldik. Orain arte jokatu diren nazioarteko beste bi hitzordu handietan emaitza ezberdinak izan zituzten. Bakuko Munduko Kopan ezin izan zuten podiumera igo, baina bai Thiaiseko Grand Prixean (Frantzia). Multzoen sailkapen nagusian, Salma Solaunek, Ines Berguak, Patricia Perezek, Mireia Martinezek, Ana Arnauk eta Valeria Marquezek osatzen duten taldeak brontzezko domina eta aparatuetako bi finaletarako txartela lortu zituen. Bost uztaiko finalean txapeldunordeak izan ziren, eta zinta eta piloten finalean laugarren postuan bukatu zuten.

Salma Solaun esperientzia oso baliotsua pilatzen ari da pixkanaka, eta, zalantzarik gabe, aurretik dituen hitzordu garrantzitsuetarako balioko dio. Banakako modalitatean, gasteiztarrak brontzezko domina lortu zuen 2019an zintan, Moskuko Junior mailako Munduko Txapelketan. Ondoren, taldekako modalitatera igaro zen. Modalitate honetan zilar bat eskuratu zuen Tel Aviven jokatu zen 2022ko Europako txapelketako ariketa mistoan, eta brontzezko bi domina eskuratu zituen urte horretan bertan Sofian ospatu zen Munduko Txapelketan (lehiaketa osoan eta bost uztaietako lehiaketan). Gainera, bertan lortu zuen 2024ko Pariseko Joko Olinpikoetan aritzeko plaza.