basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Eskia 21
martxoa
2023

“Milan-Cortina d´Ampezzo Jokoak dira nire epe luzerako helburua; ondo iritsiko naizela uste dut eta dominak lortzeko borrokatzea espero dut”

Iñigo Martinez de Albornoz, Basque Teameko mendiko eskiatzailea, podiumaren atarian geratu zen aurtengo Munduko Txapelketan eta denboraldi aparta egiten ari da
Iñigo Martínez de Albornoz pixkanaka aurrera doa, baina pauso sendoekin. Argi du zeintzuk diren bere helburuak eta, ingeniaria den aldetik (lan hau goi mailako kirolarekin uztartzen du), bere buruari proposatzen dion guztia betetzeko plana taxutu du. 2022an hirugarren izan zen Europako txapelketan eta denboraldi honetan hobera egiten jarraitu du.

“Behetik gora egin dut. Denboraldi bakoitzean gertatzen zait, denboraldi erdian hazten naiz beti. Lehenengoetan (Munduko Kopak) egia da akats tekniko asko izan nituela, ez nituela kanporaketan gainditzen, eta, egia esan, denboraldi honetan dezente ikasi dut. Lasterketa bakoitzean irakasgairen bat eramaten nuen etxera hurrengo Munduko Kopan hobetzeko, batez ere gauza teknikoak, trantsizio-kontuak. Egia da, baita ere, Munduko Txapelketaren aurreko azken Munduko Kopan fisikoki oso ondo sentitu nintzela, eta horregatik gogoz iritsi nintzela hitzordura” dio Albornozek.

Boi Taüllen jokatutako Munduko txapelketan Iñigok nazioartean kontuan hartu beharreko izenetako bat dela erakutsi zuen. Esprint proban, bere lasterketa gogokoenean, faseak pasatzen joan zen modu ikaragarrian, eta seigarren postuan amaitu zuen.

“Egun horretan garbi nuen finalean sartu nahi nuela, konfiantza handiz nenbilen eta horrek dezente lagundu zidan. Bai final-laurdenetan eta bai finalerdietan txanda nahiko onak egin nituen eta behin finalean topera atera nintzen, domina bat nahi nuen eta gertu geratu nintzen. Azkenean ezin izan nuen. Denboraldi honetan oraindik final baten sartu gabe nengoen, pozik nago, baina amorru pixka bat ematen du, beti pixka bat gehiago nahi duzu” onartzen du donostiarrak.

Esprinteko probaren ondoren, errelebo mistoena iritsi zen eta bertan Iñigo eta Marta Garcia sorpresa ematetik gertu egon ziren. 25 talde sailkatu ziren proba-kalifikaziorako, baina 12 azkarrenak bakarrik pasa ziren finalera. Zazpi selekzio iritsi ziren finalera, Frantzia, Italia, Espainia, Austria eta Suitza bina talderekin eta Eslovakia eta Alemania bakarrarekin. Iñigok eta Martak laugarren bukatu zuten.

“Duela bi urtetik hona aldatu den modalitate bat da, berria da; izan ere, lehen, erreleboak mutilen erreleboak ziren, lau mutil ateratzen ziren, eta, horrez gain, nesken beste bat ere bazegoen. Orain mistoa da. Agian esprinta baino pixka bat gehiago kostatzen zaidan proba da. Martak eta biok ez genuen espero hain aurrera egitea, Martak errelebo ona egin zuen lehenengoan, niri pasatu zidan eta agian ordura arte egindako erreleborik onena egin nuen. Irabazteko moduan ere jarri ginen. Erabat sartuta geunden lasterketan. Ez dakit lasterketa ondo kudeatu nuen eta azkenean atarian geratu ginen” kontatzen du Martinez de Albornozek.

Iñigo Martinez de Albornozek etorkizun oparoa du mendiko eskian. Aitaren urratsak jarraituz hasi zen, Candanchun mendiko eskia egin zuen lehenetarikoa, eta bederatzi denboraldi daramatza nazioartean lehiatzen. Modalitate hau 2021ean sartu zuen Nazioarteko Batzorde Olinpikoak programa olinpikoan. Iñigok uste du faktore horrek bultzada eman diola bere kirolari.

“Orain modalitatea olinpiko bihurtu da eta dezente hazten ari da. Munduko Txapelketa honetan, esaterako, lehen dominak lortzetik oso urrun zeuden Txina eta Estatu Batuak etorri dira, eta dominak lortu dituzte. Herrialdeak mugitzen ari dira eta hori da guk ere daukagun ideia. Federazioarekin kontzentrazioak sarriago egiten ditugu, eta datozen urteei begira, arlo horretan profesionalizatzen ari gara” adierazi du Basque Teameko kirolariak.

Iñigori Munduko Kopa bat (Tromso, Norvegia, apirilaren 12tik 16ra) eta Euskadiko selekzioarekin distantzia luzeko Munduko Txapelketa bat geratzen zaizkio denboraldiari amaiera emateko. Urratsez urrats doa, nahiz eta epe luzera ere helburu argia duen, 2026ko Milan-Kortina d´Ampezzoko Neguko Jokoak.

“Pila bat geratzen da. Ez dakigu nola sailkatuko garen hitzordu honetarako, baina uda honetan zerbait esango dutela uste dut. Argi dago gustura egongo nintzatekeela bertan. Epe luzerako helburua dut, zalantzarik gabe. Garai onean iritsi naizela uste dut, eta espero dut hor egotea eta dominak lortzeko borrokatzea” dio Iñigok