basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Snowboard-a 16
martxoa
2023

Alvaro Romerok Veysonnazko Munduko Kopan zilarrezko domina lortu du

Lucas Eguibarrek ezin izan ditu final-zortzirenak gainditu Suitzako hitzorduan

Alvaro Romerok ez du denboraldi erraza bizi izan. Hainbat gripe-prozesuk jota, ezin izan du orain arte nahi bezala distiratu. Bakurianiko (Georgia) Munduko Txapelketa absolutuan abisatu zuen duela aste batzuk 13. postuan amaitu ondoren, eta gaur arantzatxoa atera du podiumeko bigarren lekura igota. Aurtengo denboraldiko helburuetako bat Munduko Kopan hobetzen eta txandak gainditzen jarraitzea zen, eta bestea Saint Pellegrinon martxoaren 30ean jokatuko den junior mailako Munduko Txapelketa irabaztea. Gauzak bide onetik doaz. Gaur Alvaro Romero lehen aldiz igo da Munduko Kopa bateko podiumera eta 19 urte besterik ez ditu.

Final-zortzirenetan, Romero jarri da hirugarren partzialean lehen postuan eta postu horretan helmugaratu da Davd Pickl austriarraren eta Nick Baumgartner estatubatuarraren aurretik. Final-laurdenetan, Alvarok aurkari gogorrei aurre egin behar izan die, Martin Noerl alemaniarra kasu, baina berriro ere bere txanda irabazteko gai izan da, Adam Lambert eta David Pickl gaindituta. Final-laurdenetako txanda jada zaila bazen, askoz zailagoa izan da finalerdietakoa. Berriro ere Noerlen aurka eta Omar Visintin eta Glenn de Blois italiarrekin indarrak neurtuz, Romero ez da kikildu eta bigarren postuan helmugaratu da. Bigarren postu horrek final handira pasatzeko txartela eman dio.

Finalean Basque Teameko riderrak ez du irteera bikaina egin eta laugarren postuan geratu da. Hala ere, bere adinari ez dagokion odol hotza erakutsiz, aurrera egin du lehen posturaino. Ibilbidearen azken zatian lehia gogorra izan du bere hiru lehiakideekin, baina azkenean bigarren bukatu du, Martin Noerl alemaniarraren atzetik eta Lorenzo Sommariva italiarraren eta Eliot Grondin kanadarraren aurretik.

Gaurko proban Lucas Eguibarrek ezin izan du final-zortzirenetatik pasa. Bere aurkarietako batekin ukitu txiki bat izan du kanporaketa horretan eta hirugarren bukatu du bere seriean, Matteo Menconi italiarraren eta Jake Vedder iparramerikarraren atzetik. Gaurko emaitzaren ostean, Lucas Eguibarrek Munduko Kopako lidergoa galdu du. Orain Martin Noerl alemaniarra da liderra 374 punturekin. Bere atzetik Omar Visintin italiarra 335 punturekin eta Lucas Eguibar 326 punturekin. Munduko Kopa amaitzeko falta diren bi probak Mt. St. Annen (Kanada) martxoaren 24tik 26ra jokatuko dituzte.