
Juan del Campok, 21. postua lortuta eslalomean, bere emaitza onena eskuratu du eski alpinoko Munduko txapelketa batean, eta Aingeru Garayk 35. postua bereganatu du
Basque Teameko kirolariek historia egin dute berriz ere, lehen aldiz bi euskaldun lehiatu baitira aldi berean horrelako hitzordu batean
Juan del Campok eta Aingeru Garayk historia egin zuten urtarrilean, Garmisch-Partenkircheneko Munduko Kopan. Lehen aldiz bi euskaldun lehiatu ziren maila horretako proba batean. Gaur beste kapitulu bat idatzi dute euskal eski alpinoaren historian, Courchevel-Meribelen (Frantzia) jokatutako Munduko Txapelketako eslalomean lehiatu baitira.
Juan del Camnpok 23. denborarik onena egin du lehen txandan, eta 48.31ko denboran gelditu du kronoa, Manuel Feller austriarrarengandik 1.38ra. Bikaina izan da bere jaitsiera, batez ere ibilbidearen bigarren sektorean. Bigarren txandan 13. eskiatzaile azkarrena izan da, bigarren jaitsiera 52.70ean amaituz, Henrik Kristoffersen norvegiarrarengandik 1.04ra. Bigarren jaitsieran ere bere sektorerik onena bigarrena izan da. Bi txandak batuz, Juanek 1:41.01eko denbora metatu du, azkenean urrea eraman duen norvegiarrarengandik 1.51ra. Aj Ginnis greziarrak eta Alex Vinatzer italiarrak osatu dute podiuma.
Courchevelekoa Juan del Campok jokatutako laugarren Munduko Txapelketa absolutua da. 35. postuan amaitu zuen erraldoia eta ez zuen eslaloma bukatu St. Moritzen (Suitza) 2017an; 33. izan zen erraldoian eta 27. Eslalomean Areko Munduko txapelketan (Suedia) 2019an eta ezin izan zuen Cortina d´Ampezzoko (Italia) Munduko txapelketako eslaloma amaitu 2021ean.
Bestalde, 24 urteko Aingeru Garayk sekulako debuta egin du maila absolutuko Munduko txapelketeta batean. Basque Teameko kirolariak Courchevel-Meribeleko Munduko Txapelketan erraldoian izan zuen estrainekoa, eta, gainera, bere buruari ezarritako helburua bete zuen: lehen 30en artean sailkatzea. Eskiatzaile galdakoztarra 29. izan zen (ehun parte-hartzaile zituen proba batean) Courchevelgo L’Eclipse pista luze, tekniko, gogor eta zorrotzean bi txandak bete ondoren, 1.730 metroko altueran eta 450 metroko desnibelean.
Gaur, Aingeruk azken urteetan izan duen progresio handia erakutsi du berriro. 38. izan da lehen txandan, 49.44ko denborarekin (+2.51) eta jardun ona izan du, batez ere bigarren sektorean. Bigarren txandan 36. amaitu du, kronoa 54.81ean (+3.15) geldituta eta hirugarren eta laugarren sektoreetan bere emaitza hobetu du. Garayk 35. postuan amaitu du, guztira 1: 44.25 (4.75) denbora pilatuta.