basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Piraguismoa 16
otsaila
2023

Ander Elosegi Basque Teameko piraguistak agur esan dio goi mailako lehiari

Irungo palista da lau Olinpiar Jokotan parte hartu duen euskaldun bakarra, gizonezkoetan

Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak, Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzaileak, Olatz Alkorta Euskal Kanoe Federakuntzako zuzendari teknikoak, eta bere kirol ibilidean lagun izan dituen hainbat kirolarik lagunduta, Ander Elosegik eslalon piraguismoari agur esateko erabakia hartu duela jakinarazi du gaur, Donostian, 17 urtez kirol horretan goi-mailako lehiaketan aritu ondoren.

Txikitatik diziplina honi lotuta, Santiagotarrak klubarekin, Ander Elosegik agur esateko unea dela erabaki du, nahiz eta modu ludikoagoan hainbeste poz eman dizkion eslalonarekin bat egiten jarraituko duen.

Berezko talentua izan da beti Anderren nortasunaren ezaugarrietako bat. 2006an nazioarteko mailan debuta egin arren, zaila zen aurreikustea gerora etorriko ziren arrakasta guztiak eta kirol-ibilbide luzea. Ander Elosegik 13 Munduko Txapelketa, Europako 15 txapelketa eta 43 Munduko Kopa jokatu ditu maila absolutuan, eta lau Olinpiar Jokotan lehiatu da. Gainera, aipatutako lau Jokoetan finalerako sailkatu da, lau diploma olinpiko lortuz: laugarren izan zen Beijingen, 2008an; laugarren Londresen, 2012an; zortzigarren Rio de Janeiron, 2016an eta zortzigarren Tokion, 2021ean.

Ander Elosegik ibilbide oparoa izan du, eta euskal kirol olinpikoaren estandarte bihurtu da. Euskal Autonomia Erkidegoan ez dago hainbeste aldiz olinpo horretara iritsi den beste gizonik, banakako kirolak eta kirol kolektiboak kontuan hartuta. Gipuzkoarrak, gainera, hurrengo belaunaldientzat eredu izango den dotorezia erakutsi du. Anderrek kanoa modalitatean egin dituen jaitsieren plastikotasuna eta liraintasuna betiko geratuko dira zale guztien erretinan.

Piraguistak bizitza osoa eman du bere kirolean, baina garaia iritsi da beste alderdi batzuk zaintzeko, hala nola, familia eta lagunak, edo erronka berriei denbora eskaintzeko, hala nola, laneratzea eta beste esparru batzuk, ingeniaritza informatikoa, esaterako. Ander ilusioz dago bere bizitzako beste alderdi batzuk lantzeko, baina aukera aprobetxatu nahi izan du urte hauetan guztietan bere kirol-ibilbidean babesa eman dioten pertsona guztiei eskerrak emateko.

“Eskertu nahi dut urte hauetan guztietan jaso dudan babesa. Eskerrak eman nahi dizkiet familiari, lagunei, klubari eta entrenatzaileei, bereziki hainbat urtetan nire ondoan izan den Xabier Taberna teknikariari, lankide, taldekide eta lagunei eta urte hauetan guztietan nirekin egon diren esponsor eta erakunde guztiei” azpimaratu du Elosegik.

Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak Ander Elosegik euskal kirolaren historian izan duen pisua azpimarratu nahi izan du: “Ander lau Joko Olinpikotan lehiatu den euskal gizonezko bakarra da. Gainera, jokatu dituen hitzordu olinpiko guztien finalean sartu da eta horietako bakoitzean diploma batekin itzuli da etxera. Elosegi, beraz, euskal olinpismoaren historian betirako leku nabarmena beteko duen kirolaria izango da, gure kulturarentzat elementu baliotsua”.

“Ander Basque Teameko estandarteetako bat izan da eta da. Sortu zenetik Fundazioaren beka jaso du. Ander Elosegik datozen belaunaldien erreferente izateko ezaugarriak biltzen ditu. Lehenik eta behin, pertsona zintzoa da, bigarren aurpegirik ez duena, bere akats eta bertuteekin, baina bere printzipioei inoiz traiziorik egiten ez diena”, gaineratu du Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzaileak.

Ander Elosegiren ibilbidean, lehen aipatutako lau diploma olinpikoak nabarmentzen dira, 2019an Seu d´Urgelleko Munduko txapelketan lortutako zilarrezko domina, 2016an Liptovskyko Europako txapelketan lortutako brontzezko domina, 2010ean Seu d´Urgellen erdietsitako Munduko Kopako brontzea, 2011ko Argentiereko Munduko Kopako zilarra eta 2013ko Seuko Munduko Kopako zilarra.

ANDER ELOSEGIren profila
Irun, 1987-11-14

Ander Elosegi Irunen jaio zen, horregatik erreza da ulertzea zergatik eman zituen lehen urratsak kanoa eta kayakean Santiagotarrak klubean. Nazioarteko hainbat lehiaketetan parte hartu du, Beijingo, Londreseko, Rio de Janeiroko eta Tokioko Jokoetan, besteak beste. Lau olinpiar hitzorduetatik diploma batekin itzuli da. Seu d´Urgellen bolada bat pasa bazuen ere, etxera itzultzea eta Pauko kanalean entrenatzea erabaki zuen.

2008ko abuztuaren 12an, 20 urterekin, Ander Elosegik 87.93 segundoko denbora markatu zuen Beijingo Olinpiar Jokoetako piraguismoko zirkuituan. Egindakoa (zigorrik egon ez balitz) zilarrezko domina eskuratzeko moduko denbora zen. Pena, azken atean akatsa egin zuela. Laugarren bukatu zuen azkenean. Hirugarren izan zen, Michal Martikan eslovakiarrak bere jaitsiera egin, eta 87.73ko denborarekin txapelketa irabazi zuen arte.

Olinpiar ziklo bat geroago, 2012ko uztailaren 31n, Londreseko Jokoetako finalean sartu zen. Jaitsiera ona egin zuen, baina 14, 15 eta 16. ateetan egindako akatsek lausotu egin zuten. Zirkuituko erdiko tartea okerrago egin zuen eta horrek oztopatu zion podiumera igotzea. Laugarren bukatu zuen berriro.

2015eko iraileko Munduko txapelketan Rioko Jokoetan parte hartzeko txartela lortzea espero zuen Anderrek, baina ez zitzaion ondo irten eta dena Liptovskiko (Eslovakia) Europako txapelketan jokatu zuen 2016ko maiatzean. Brontzezko domina irabazi zuen eta Brasilgo hiriburuan bere parte-hartzea ziurtatu zuen, bere hirugarren Jokoetan. Anderrek Riora bidaiatu zuen, hauek bai, bere Jokoak izango zirela pentsatuta, baina beste behin domina barik geratu zen. Hitzordura sasoi onean joan zen, fisikoki eta mentalki. Finalerako sailkatu zen finalerdietan denborarik onena eginda, baina Deodoroko Whitewater Stadiumean jokatutako finala okertu egin zen irundarrarentzat. 1:41:27ko denbora egin zuen, baina lau akatsek podiumetik aldendu zuten. Zortzigarren postuan bukatu zuen.

2019an zilarrezko bi domina irabazi zituen Seu d´Urgelleko Munduko txapelketan, bat taldekako proban eta beste bat banakako lehian, Tokioko Jokoetan lehiatzeko txartela eman ziona. Bere laugarren olinpiar Jokoak izan ziren Japoniakoak. Lau olinpiar Jokotan lehiatu den lehen euskal gizonezkoa izan da Elosegi. Basque Teameko piraguista zortzigarren izan zen  finalean eta horrek zapore gazi-gozoa utzi zion, badakielako gehiago emateko gai dela. Argi erakutsi zuen finalerdian, hirugarren postuan bukatuta. Aukerak inoiz baino gertuago zirenaren ideia zabaltzen hasi zen Kasaiko kanalean baina Japonian ere ez zuen zortea lagun izan Elosegik. Seigarren ateko makila mugitu zuen Anderrek eta hortik aurrera jaitsiera zuzentzen saiatu zen arren, ez zuen indar nahikorik izan abiadura azkartzeko.

Dena den, lau Joko eta lau diploma gordetzen ditu Anderrek. Euskal kirolaren historian pasarte oso garrantzitsua idatzi du Basque Teameko kirolariak.

Beijingo, Londreseko, Rioko eta Tokioko parte-hartze eta diplomez gain, nabarmenak dira 2002ko irailean jokatutako Munduko Kopan eskuratutako zilarra, 2009an Seu d´Urgelleko Munduko txapelketan taldeka lortutako brontzea, eta 2016an Liptovskin jokatutako Europako txapelketan irabazitako brontzea.