
Eukene Larrarte Basque Teameko pistako txirrindulariak zilarrezko domina lortu du Grenchengo Europako txapelketako scratch-ean
Eukene Larrarte Municheko Europako txapelketara joan zen udan, ilusio handiz podiumera igotzeko asmoz. Alemaniako hitzorduan zorteak ez zion lagundu eta txapelketa utzi behar izan zuen eroriko baten ondorioz. Gaur, ordea, arantzatxoa atera ahal izan du.
Tolosarrak zilarrezko domina lortu du Grenchenen (Suitza) jokatzen ari diren pistako txirrindularitzako Europako txapelketan, scratch modalitatean, Maria Martins portugaldarraren atzetik amaitu ondoren.
Bi txirrindulariak ihes eginda iritsi dira Belodromoko ibilbidearen azken itzulietara, baina azkenean Larrartek ezin izan dio erantzun portugaldarraren erasoari eta bigarren postuan amaitu du. Bere aldetik, Daria Pikulik poloniarra podiumeko hirugarren tokira igo da.
Scratch probaz gain, Eukene taldekako jazarpenaren sailkatze proban lehiatu da, inaugurazio jardunaldian. Tania Calvo arabarrak ere parte hartu du laukotean eta 4’28″054ko denbora eginda, Espainiako errekor berria lortu dute. Italiaren aurka neurtuko dituzte indarrak lehen kanporaketan.