
Lucas Eguibar snowboarderrak laugarren amaitu du Cerviniako Munduko Kopako bigarren lasterketan
Alvaro Romero final zortzirenetaraino iritsi da
Lucas Eguibarrek puntu garrantzitsuak pilatzen jarraitzen du Munduko Kopako sailkapen nagusiko goiko postuei eusteko. Asteburu honetan Cervinian jokatu diren bi lasterketetako lehenengoan, lehiakide batekin izandako kolpe batek Lucasi final handian sartzea eragotzi zion. Gaur, ordea, Basque Team Fundazioaren beka duen kirolaria probaren azken faseraino iritsi da. Badirudi azken urte eta erdian jasan dituen bizkarreko minak atzean geratu direla, eta Lucasen sasoi fisikoak aukera ematen duela denboraldi oparoarekin amets egiteko.
Gaur final-hamaseirenetan Lucasek ez du arazorik izan lehen lekuan hurrengo kanporaketara pasatzeko. Donostiarra izan da lehena, David Pickl austriarraren eta Williams Scott eta Tristan Bell kanadarren aurretik. Final-zortzirenak gogorragoak izan dira. Ibilbidearen zati batzuetan bazirudien Lucasek eraitsita bukatuko zuela, atzo gertatu zen bezala, baina egoera konpontzen eta oreka mantentzen jakin du hurrengo txandara bigarren postuan pasatzeko, Loan Bozzolo frantziarrarekin batera, Tyler Hamel estatubatuarra eta David Pickl austriarra kanpoan utzita.
Final-laurdenek oilo-ipurdia jarri diete lasterketa zuzenean jarraitu duten ikusleei. Lucas azken txandan irten da, laugarrenean, gizonezkoen taldearen pisu handia duten rider-ekin indarrak neurtuz: Loan Bozzolorekin eta Luca eta Alessandro Haemmerle austriarrekin. Lucas laugarren postuan geratu da irteeran, baina posizioak berreskuratu nahian, lasterketako ataka batean, Alessandro Haemmerle ukitu du taularen atzealdearekin eta lurrera bota du. Hortik aurrera bigarren postuan kokatu da eta Bozzolorekin batera aurrera egitea lortu du. Epaileek ulertu dute ez dela Eguibarrek nahita egindako ekintza izan, eta sailkapena eman diote.
Hurrengo maila ere, finalerdiak, emozioz beteta egon dira. Lucas Eguibar laugarren kokatu da, baina bere teknikan oinarrituz eta jauzi handiak eginez, burua hotz izan du eta adimenez eutsi dio hutsune bat bilatzeko. Loan Bozzolo lehen postuan pasa da final handira, Lucasek bigarrenean egin du, eta Ken Vuagnoux frantziarra eta Julian Lueftner austriarra kanporatuta geratu dira.
Final handian, final-laurdenetan eta finalerdietan egin duen bezala, Lucas atzean geratu da egoera aztertzeko. Ondo kudeatu du lasterketa, baina ibilbidearen erdialdean desorekatu egin da eta at geratu da. Gaurko lasterketako podiuma Loan Bozzolok, Martin Noerl alemaniarrak eta Kalle Koblet suitzarrak osatu dute. Laugarren postuak zapore gazi-gozoa utzi dio donostiarrari, baina Kristalezko Globoaren borrokarako puntuak lortzeko aukera polita ere eman dio.
Gaurkoa bigarren finala izan da Lucas Eguibarrentzat aurtengo denboraldian orain arte jokatutako Munduko Kopetako hiru lasterketetan. Les Deux Alpeseko Munduko Kopan laugarren izan zen, Cerviniako lehen lasterketan bederatzigarren, eta gaur ere laugarren izan da. Munduko Kopako sailkapen nagusian seigarren postuan dago, 129 punturekin.
Alvaro Romerok, bere aldetik, 28. postuan bukatu zuen atzoko lasterketan eta gaur 17. postuan bukatu du, final-hamaseirenak gainditu eta final-zortzirenetan sartu baita. Basque Teameko bekadun gazteak 30. postuan jarraitzen du sailkapen nagusian, 17 punturekin.