
Clara Azurmendik zilarra lortu du Kanadako nazioarteko txapelketako binakakoan
Clara Azurmendi podiumeko bigarren tokira igo da, Bea Corralesekin batera, Canadian International Challengeko binakako lehian. Den eman dute azken garaipena lortzeko, baina partida oso lehiatuan 21-15, 15-21 eta 14-21 galdu dute Annie eta Kerry Xu iparamerikarren aurka.
Clara eta Beatriz ostegunean sartu ziren lehian, 16 onenen kanporaketan. Lehen fase horretan Emma Meng eta Ashley Wong kanadarrak izan zituzten aurkari, eta 21-14 gainditu zituzten. Hurrengo jardunaldian, ostiralean, errazago lortu zuten garaipena, 21-12 eta 21-7 gailendu baitzitzaizkien Chloe Choi eta Sophia Nong kanadarrei. Atzo finalerdia zertxobait zailagoa izan zen, baina Azurmendik eta Corralesek tinko eutsi zioten final handirako txartela, eta bide batez, domina bat ziurtatzeko Markham Pan Am Centre pabiloian. Finalerdietan 21-18, 9-21 eta 21-19 irabazi zuten.
Final handian Clara eta Beatriz 21-15 aurreratu dira lehen setean, baina ezin izan diote erritmoari eutsi gainerako bi partzialetan. Bigarrenean, Annie eta Kerry Xu biki estatubatuarrek 15-21 irabazi dute, eta 14-21 hirugarrenean.
Binakako txapelketan ez ezik, Clara Azurmendik ere banakako proban parte hartu zuen, eta horretan 16 onenen kanporaketara iritsi zen.
Gaurkoa denboraldi honetako bigarren zilarra da Clara Azurmendirentzat, Peru International Challengean lortutakoaren ondoren. Final horretatik erretiratu behar izan zuen eskuin orkatila bihurrituta zuelako.
Denboradi hau emozio handikoa izaten ari da Clararentzat. Ezker oineko lesio batengatikkantxetatik at egon ondoren, urrian itzuli zen lehiaketara gipuzkoarra, ebakuntza gelatik igaro eta lau hilabetera. Bere lehen txapelketa Dutch Opena izan zen, non dominen borrokaren atarian geratu zen, Huang Ching Ping taiwandarraren aurka galduz. Ondoren, Danimarkako Irekian, Azurmendik ez zuen garaipena lortzeko aukerarik izan Michelle Li kanadarraren aurka. Hurrengo hitzorduan, Frantziako Irekian, donostiarrak Munduko izarretako bati aurre egin behar izan zion, egungo Top10ean dagoen emakumeari, Nozomi Okuhara japoniarrari, eta ezin izan zuen lehen kanporaketa gainditu. Alemaniako Irekian, Malkiva Bansond indiarrak jaitsi zuen borrokatik. Azken bi txapelketak, berriz, oparoagoak izan dira, bi domina poltsikoratu baititu.
Orain Clararen hurrengo hitzordu garrantzitsua abenduaren 15ean Genevan (Suitza) jokatuko den taldekako Europako txapelketa mistoa (qualification stage) izango da.