“Lehiakide petoa naiz, eta dena lortzeko borrokatzen naiz beti”
Lucas Eguibar Basque Teameko snowboarderrak uste du Munduko Kopako Kristalezko Globoagatik borrokatzen irits daitekeela denboraldiaren amaierara, hasiera ikusgarri baten ondoren
Lucas Eguibarrek laugarren postua lortu du denboraldiko lehen Munduko Kopan, Les Deux Alpes txapelketan. Emaitzak amets egiteko arrazoiak ematen dizkio. Ia bi urtez min eman dion bizkarreko lesio bat gainditzeko zelula amekin tratamendua jaso ondoren, donostiarrak oso pozik dagoela adierazi du. “Nahiko ondo nago. Bizkarraren eta lesioaren kontu guztietatik natorrela kontuan hartuta, nahiko ondo. Minak ia desagertu dira, beraz oso pozik nago” esan du.
Larunbaterako antolatutako lasterketa igandera atzeratu behar izan zuten eguraldiagatik. Baldintzek ez zuten laguntzen, ezta pistaren trazadurak ere. Hala ere, Lucas kanporaketak gainditzen joan zen eta final handian podiumeko postuetan ere jarri zen. “Aurrekoan laugarren postuan geratzeagatik, oso pozik nago. Podiumaren atarian geratzeak amorru handia eman zidan, baina oso ondo egin dut lan. Ia entrenatu gabe egon ondoren, berriro lehiatu naiz nire mailarik altuenean. Oso lehiaketa azkarra egiten jakin nuen, eta taula gainean oso ondo nengoen, aintzat hartuta baldintzak ez zirela oso onak, eta azken zatia ez zela ni bezalako goofyentzat aproposa. Genituen baldintza guztiak ikusita, oso pozik nago laugarren postuagatik eta sailkapenerako lortutako puntuengatik” azpimarratzen du Eguibarrek.
Lucas Eguibarrek badaki zer den Kristalezko Globoa irabaztea, 2015ean irabazi zuen. Konstantzia oso garrantzitsua da garaikurra poltsikoratzeko eta Lucasek uste du aurten aukerak badituela. “Aurten uste dut denboraldi amaieran tituluagatik borrokan egin dezakeedala. Asteburu honetan bezala, lasterketako baldintzak oso mesedegarriak ez izanda, laugarren postu bat eta puntu horiek ateratzea nahiko positiboa izan dela uste dut. Gertatzen dena gertatzen dela, ona da denboraldia ondo hastea; ez da bakarrik laugarren postuagatik, baizik eta lehiatzen aritu nintzen moduagatik. Astakeria da nola aldatu den guztia. Denboraldia hasi aurretik ere ni oso pozik nengoen, maila gorenean entrenatzen ari nintzela ikusten bainuen. Llehen nuen trebetasunarekin lehiatzen ari naiz berriro, lehen ari nintzen bezala” adierazi du Lucasek.
Denboraldi honetako egutegia arraroa da: batzuetan probak oso gertu daude elkarren artean, eta beste tarte batzuetan ez dago lehiaketarik. Beraz, garrantzitsua da indarrak dosifikatzen jakitea eta mentalki prestatzea, inprobisazioak eta aldaketak onartzeko. Montafongo Munduko Kopa, adibidez, Cerviniakoaren hurrengoa, bertan behera geratu da elur faltagatik. “Aurten oso arraro dago egutegia, saiatu behar gara mentalki prestatuta joaten. Banekien lasterketa gogorra izango zela, ezin izango nuelako atseden hartu, denbora justua izango genuelako eta abar. Mentalki prestatuta bazoaz, baduzu; gero, denontzat baldintzak berdinak dira” onartzen du donostiarrak.
Aurten Lucasek helburu bikoitza du. Alde batetik, Munduko Kopako Kristalezko Globoa irabazi nahi du berriro, eta, bestetik, titulua berretsi nahi du martxoan Bakurianin (Georgia) jokatuko den Munduko txapelketan. Lucasek zilarrezko bi domina lortu zituen Sierra Nevadako Munduko Txapelketan 2017an, laugarren postua Solitudeko Munduko Txapelketan 2019an eta urrezko domina Idre Fjälleko Munduko Txapelketan, 2021ean. “Nire helburuetako bat da, baina lasterketa bat da eta denetarik gerta daiteke. Zorionez, azken Munduko txapelketetan beti egon naiz finalean, baina loteria da eta nire kirola nolakoa den dakien jendeak badaki edozer gauza gerta daitekeela; azkarrena izan arren, beste batekin talka izanez gero, kalera zoaz”.
Basque Teameko kirolariak harro dio Munduko titulua bere palmaresean betiko geratuko den zerbait dela. Bizkarrean min hartzeko arriskua izan arren, aukerak hala eskatuz gero bere burua berriro botako lukeela dio: “Espainiako txapelketa batera ere beti joan naiz guztiarekin. Lehiakide petoa naiz, odolean daramat. Munduko txapelketa bat da, gauza garrantzitsuak dira jokoan ditugunak, eta kito, ni beti borrokatuko naiz denaren bila joateko”.