basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Mahai-tenisa 08
azaroa
2022

Zilarrezko domina historikoa Iker Sastrerentzat mahai-tenis egokituko Munduko Txapelketan

Basque Teameko kirolaria, Miguel Angel Toledorekin batera, podiumeko bigarren tokira igo da binakakoan, Granadan jokatzen ari diren  Munduko txapelketan

Inoiz ez da halakorik gertatu estatu mailan. Txandak pasatzen joatea eta Munduko Txapelketa bateko finalerdietara iristea gauza bikaina zen. Hala ere, zilarrezko domina zintzilikatzeak txapelketa zoragarri bati ukitu distiratsua jartzea ekarri die Iker Sastreri eta bere taldekideari, Miguel Angel Toledo madrildarrari.

Elkarrekin jokatuta, Gorka Fernandez entrenatzailearen gidaritzapean, kanporaketak gainditu dituzte harriduraz, estatu mailan orain arte inoiz lortu ez den balentria lortzeko, MD4 klasean zilarra eskuratuta (gurpil-aulkiko kirolariak).

Hasiera batean, Miguel Angel Toledok ez zuen Munduko txapelketara joateko txartelik, baina Oleksandr Yezyk ukrainarraren lesio batek bidea erraztu zion. Azken urteotan, Ikerrek eta Miguel Angelek bikote gisa sekulako garapena izan dute; horren erakusgarri dira nazioarteko txapelketetan lortu dituzten dozena bat domina, 2015ean eta 2019an Europako txapelketako bi brontzeak, eta Tokioko Jokoetan binaka eskuratutako diploma. Munduko Txapelketetan, ordea, 2017an bosgarren postua lortu zuten baina ezin izan dute orain arte hori hobetu. Granadan kalitatezko jauzia eman dute zilar historikoa eskuratzeko.

Final-laurdenetan Guillermo Bustamante eta Fernando Eberhardt argentinarrak gainditu zituzten 3-0 (11-3, 11-4 eta 11-8). Finalerdietan Rafal Czuper eta Tomasz Jakimczuk poloniarrak izan zituzten aurkari, brontzezko dominadunak Tokioko Jokoetan. Lehen setean galdu zuten, baina buelta ematen jakin zuten eta euren bertsiorik onena atera zuten partida irauli eta 3-1 irabazteko (6-11, 11-7, 11-8 eta 11-9).

Gaurko finalean Jin Cheol Park eta Soo Yong Cha bikote hegokorearraren aurka jokatu behar izan dute. Egungo txapeldunorde paralinpikoak dira eta Sastre eta Toledoren borreroak izan ziren Tokioko final-laurdenetan. Asiarrek lehen seta irabazi dute eta ondoren Sastre-Toledo bikoteak hurrengo bi setak irabazi ditu. Hala ere, korearrek partida berdintzea eta bosgarren seta behartzea lortu dute. Ikerrek eta Miguel Angelek inoiz amore eman ez duten arren, Parkek eta Chak 7-11 sinatu dute, partida 3-2ko emaitzarekin bukatzeko.

“Zilar gozoa da eta kutsu garratza duen arren, Munduko txapeldun izatetik oso gertu egon garelako, inoiz imajinatu ez dudan titulutik oso gertu. Hala ere, ez nuen uste zilarra irabaziko genuenik, eta oso pozik nago horregatik. Hala adierazi dio Ikerrek Basque Teameko komunikazio taldeari.

Iker Sastre denboraldi bikaina egiten ari da. Gaur Munduko Txapelketan lortutako zilarrari, Parisko Irekian eskuratutako urrea, Montenegroko Irekian bereganatutako bi brontzeak eta Txekiar Errepublikako Irekian taldeka irabazitako urrea gehitu behar zaizkio.

Bihar Iker Sastre banaka lehiatzen hasiko da Granadako Munduko txapelketa honetan. Ander Cepas eta Iker Gonzalez bikaintasun proiektuko kideak ere lehiatuko dira.