basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Albisteak 08
azaroa
2022

Maialen Chourraut Basque Teameko piraguistak Euskaraldian parte hartzera animatu ditu herritarrak

  • Euskaraldia hasteko hamar egun falta direla, herritarrek ariketa sozialean parte hartu eta izena emateko deia egin dute Donostian hainbat eragilek, tartean hiru aldiz domina olinpikoa irabazi duen piraguistak
  • Izen ematea izenematea.euskaraldia.eus gunean egiten ari dira ahobizi eta belarriprestak
  • Herriz herri txapa banaketa hasia dago eta ariketa egiteko txapen erabilerak garrantzia handia duela azpimarratu dute antolatzaileek
  • Euskaraldian parte hartuko duten ahobizi eta belarriprest guztiei ariketarako erronka zehatzak jartzeko deia egin dute halaber

Euskaraldia hasteko hamar egun falta direnean, ariketan parte hartzeko deia egin dute gaur ekimenaren antolatzaileek eta gizarteko arlo ezberdinetako hainbat lagunek Donostiako San Telmo museoan egindako agerraldian. Izen-ematea erritmo onean doala aipatu dute ekimenaren koordinazio mahaiko kideek eta Euskaraldiaren hirugarren edizioa ere masiboa izango dela ziurtatu dute.

Gaurko agerraldian kultura, kirola eta komunikazio arloko hainbat lagunek parte hartu dute Euskaraldian parte hartuko dutela azalduz. Euskaraz aritzeko gaitasuna duten euskal herritarrak azaroaren 18tik abenduaren 2ra, 15 egunez, ahobizi edo belarriprest roletan aritu daitezen gonbitea egin dute. Maialen Chourraut, Joseba Usabiaga eta Xabier Saldiasekin batera, Euskaraldiko koordinatzaile Goiatz Urkijo, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuorde Miren Dobaran, Euskarabideako zuzendari Mikel Arregi eta Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari Kike Amonarrizek ere parte hartu dute prentsaurrekoan.

Ariketa jendetsua izateari garrantzia handia eman diote Euskaraldiaren sustatzaileek, parte hartzaileen hizkuntza ohiturak aldatzeko inguruan belarriprest eta ahobizi ugari izatea lagungarria da eta. Izena emateko izenematea.euskaraldia.eus webgunera jo behar dutela gogorarazi dute eledunek. Aurreko edizioetan parte hartu dutenek parte hartzea oso erraz eguneratu dezakete eta partaide berriek datu gutxi batzuk beteta izena eman ahal izango dute. Izen-ematea berrestea hirugarren edizio honetan ere egingo den ikerketarako lagungarri izango da.

15 egunetan ahobizi eta belarriprest txapa

Euskal Herriko laurehun herri baino gehiagotan txapak banatzen hasi dira jadanik Euskaraldia batzordeetako kideak. Milaka ahobizi eta belarriprest txapa banatuko dira ariketa soziala hasi arteko azken bi asteetan. Izena eman duten eta hurrengo egunetan izena emango duten kide guztiek 15 egunotan txapak jantzita eramateko deia egiteko baliatu da gaurko prentsaurrekoa. Euskaraldiaren aurreko bi edizioetan egindako ikerketek erakutsi dute ahobizi edo belarriprest modura identifikatzeak asko lagundu duela hizkuntza ohituren aldaketetan eta, horregatik, ariketan zehar txapa erabiltzeko gonbitea egin dute ekimenaren bultzatzaileek.

Euskaraldia kalean ikusgarri egiteko deiari jarraituz hurrengo egunetan kaleak janzteko gonbitea ere egin da eta horretarako hainbat baliabide eskaini: leiho eta balkoietan jartzeko banderatxoak edo Euskal Herrian zehar zabaldu diren milaka kartelak. Gainera, herriz herri ehunka ekitaldi antolatzen ari direla azaldu da.

Partaideen erronkak, hizkuntza ohiturak aldatzeko abiapuntu

Azken dei bat ere egin dute gaurko prentsaurrekoan ekimenaren bozeramaleek: partaide guztiei hizkuntza ohiturak aldatzeko erronka zehatzak jartzeko gonbitea egin diete, euskarazko harremanak areagotzeko eta hizkuntza portaera berriak probatzeko erronka zehatzak jartzea lagungarria dela azpimarratuz.

Azken hilabeteetan herriz herri martxan egon diren Hitzez Ekiteko ekitaldietan Euskaraldiaren aurreko edizioetan izandako lorpenak eta hirugarren Euskaraldirako proposatutako erronkak azaleratu dituzte milaka hiztunek. Horiek izango dira norberaren hizkuntza ohiturak aldatu eta inguruko pertsona eta erakundeetan eragiteko tresnarik eraginkorrenak.

Ildo honetan, gaurko agerraldian parte hartu duten lagunek hirugarren Euskaraldi honetarako beren buruari jarri dioten erronka aipatu dute prentsaurrekoan.

Honenbestez, Euskal Herriko lurralde guztietako herrietan Euskaraldia batzordeetan parte hartzen duten milaka boluntario egiten ari diren lana eskertuz eta aitortuz amaitu da agerraldia.