
Patxi Peula Basque Teameko patinatzaileak zilarrezko domina irabazi du World Skate Gamesetako 10.000 metroko puntu-kanporaketan
Gaurkoa arabar kirolariaren bederatzigarren domina da Munduko txapelketetan
Bat gehiago; ez du amaierarik. Patxi Peula patinatzaileak podiumarekin duen hitzorduari leial eusten dio nazioarteko txapelketetan. Iaz zilar bat lortu zuen Kolonbiako Ibagué herrian jokatutako Munduko Txapelketan, zirkuituko 10.000 metrokoan, eta aurten beste metal bat pilatu du Argentinan, Buenos Airesen eta San Juanen jokatzen ari diren World Skate Gamesetan.
Patxik orain dela bi egun ekin zion bere bideari patinajearen hamar diziplinak hartzen dituen Munduko Txapelketa honetan, pistako probekin hasita. Lehiatu aurretik, Basque Teameko patinatzaileak adierazi zuen zailena ordutegi aldaketara eta pistara egokitzea izango zela, egun eta erdi baino ez baitzuten izango horretarako. Orain arte jokatutako probetan gertatutakoaren arabera, Peulak ez du arazorik izan hori lortzeko. Agian horretan lagundu dio daukan esperientzia zabalak, Munduko txapelketa hau bere hamaseigarren Munduko Txapelketa baita senior mailan.
Oraingoz, Patxi Peula hamahirugarren izan da 10.000 metroko kanporaketan eta bosgarren 1.000 metroko esprintean. Gaur iritsi da bere laterketa gogokoena jokatzeko eguna. Proba honetan, eta baita Argentinan ere, Rosarion, bere lehen urrea lortu zuen Munduko Txapelketa batzuetan, 2014. urtean. “Oso oroitzapen onak ekartzen dizkit gogora” esan zuen Patxik berriz Argentinara joan aurretik.
Gaur berriro aurkitu du loria, hain gustuko duen proban. Europako Txapelketan lehia-maila ona erakutsi ondoren, uztailean Birminghamen jokatutako txapelketan 15.000 metroko kanporaketan brontzea eskuratu eta gero, eta Iruñean, Berlinen, Donostian edo Gijonen hainbat lehiaketatan kilometroak gehitu ondoren, Patxi sasoi onean heldu da Munduko Txapelketara.
Orain, bi eguneko atsedenaren ondoren, Peulak azaroaren 2tik aurrera ekingo die zirkuituko lasterketei, 10.000 metroko puntuazioan eta 15.000 metroko kanporaketan lehiatuko baita, eta hilaren 6an itxiko du lehiaketa, maratoiarekin.