iraila
2022
Nadia Erostarbe Basque Teameko surflaria Huntington Beacheko Munduko txapelketako final-laurdenetan sartu da
Garazi Sanchezek eta Adur Amatriainek ez dute hirugarren kanporaketa gainditu, baina lehiaketan jarraituko dute bigarren aukerakoaren bitartez
ISAk (Nazioarteko Surf Elkarteak) antolatutako World Surfing Gamesetako jardunaldia ez da oso ondo hasi euskal surflarientzat, baina Nadia Erostarbe zarauztarrak lortutako final laurdenetarako paseak eguna goxatu du.
Uretan sartzen lehena Adur Amatriain izan da gaur, lehiaketa nagusiko hirugarren kanporaketan, goizeko zazpi eta erdiak inguruan. Manga goiztiarra trabatu egin zaio surflari gipuzkoarrari. Lehiaketa hasi aurretik egindako lehen entrenamenduetan, Amatriainek eta estatuko selekzioko teknikariek, tartean Ibon Amatriainek, bere aitak, itsasoaren momentuko baldintzak hartu dituzte kontuan estrategia horietara moldatzeko. Olatuak piko forman zetozen orduan. Hala ere, txanda hasi eta uretan sartzerakoan, olatuek forma aldatu dute, barra formakoak izan dira, eta Adurrek ez du jakin itsasoaren egoera berrira egokitzen.
Aukeratu dituen olatuei etekina ateratzen saiatu da zarauztarra eta ez du gaizki surfeatu. Bere olaturik onenak 5.50eko puntuazioa lortu du eta bigarren onenak 5.10ekoa. Hala ere, ez da nahikoa izan Lucca Mesinas perutarra eta Liam O´Brien australiarra gainditzeko. Txandako azken uneetan, O´Brienek bazekien Adurren olatu bakar batek bigarren postutik ken zezakeela, eta horregatik mantendu du kontrolpean zarauzko surflaria une oro, azken minutuetan ezer egiten ez uzteko. Adur Amatriainek gizonezkoen bigarren aukerakoan edo errepeskan jarraituko du.
Adurri bezala, Garazi Sanchezi ere ez zaio ondo joan hirugarren kanporaketan. Era berean, ez du asmatu itsasoaren egoeraren eskakizunetara egokitzen emakumezkoen kuadroko lehen txandan, eta ezin izan du gauza handirik egin aurkarien aurrean. Berak esan dio Huntington Beachera joandako Basque Teameko komunikazio taldeari unean-unean inprobisatzen jakitea kirol honen funtsezko ataletako bat dela, eta berak ez duela jakin gaur egiten.
Gabriela Bryan estatubatuarrak etekina atera dio inguruaz duen ezagutzari, olatuen aukeraketa bikaina egiteko eta gaindiezinak izan diren 7.67ko eta 7.50eko notak biltzeko. Berarekin batera, Mathea Dempfle-Olin kanadarrak ere, txandaren planteamendu ez hain konbentzional eta ausartagoarekin, txartela lortu du. Nahiz eta gaurko txandan laugarren izan eta lehiaketa nagusitik kanpo geratu, Garazik ez ditu aukera guztiak galdu, errepeskan jarraituko baitu.
Nadia Erostarbe uretara sartu da hirugarren txandako seigarren txandan. Vahine Fierro frantziarrak lan bikaina egin du eta 4.50eko olatu batekin eta 7.76ko beste batekin lehen unetik aurrean jarri da. Ez du beste olaturik hartu behar izan txartela eskuratzeko. Hortik aurrera, Nadiaren lana bigarren postuari eustea izan da, 6.03ko olatuarekin eta 3.63ko olatuarekin, eta Noah Klapp alemaniarra kontrolpean izatea hura gainditzen ez uzteko, 6.00ko olatua baitzuen eta 3.67ko olatua baino ez baitzuen behar. Erostarbe gai izan da estrategiari eusteko eta, horrela, laugarren txandarako txartela (final-laurdenak) eskuratu du.
Pauline Ado Angeluko surflaria, Nadia bezala, txapelketa nagusiko hurrengo kanporaketan izango da.