basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Surfa 17
iraila
2022

Adur Amatriain hirugarren kanporaketara pasa da eta Ruben Vitoria bigarrenera Huntington Beacheko Munduko surf txapelketan

Keoni Lasak ezin izan du lehen txanda gainditu, baina txapelketan jarraitzen du bigarren aukeraren bitartez

Adur Amatriain, Ruben Vitoria eta Keoni Lasa Zarauzko surflariek debuta egin dute Nazioarteko Federazioak antolatutako World Surfing Gamesetan, maila absolutuan. Adur Amatriainek eta Ruben Vitoriak indartsu hasi dute ISAk antolatutako Munduko Txapelketa. 51 naziotako 247 atleta ari dira lehian taldekako urrezko dominak lortzeko, Miyazakiko (Japonia) 2019ko parte-hartze errekorra gaindituta. Paris 2024rako surfeko lehen sailkapen gisa, Olinpiar Jokoetarako bidea Huntington Beachen (Kalifornia) hasiko da. Irabazle diren gizonezkoen eta emakumezkoen talde nazionalei plaza olinpiko bana esleituko zaie.

Amatriain lehen aldiz sartu da uretara ISA munduko txapelketa batean lehen kaporaketako hirugarren txandan. Kaliforniara joandako Basque Teameko komunikazio taldeari txanda errazik ez dagoela ziurtatu arren, zarauztarra faborito zen, eta ez du eragozpen handirik izan Edoardo Papa italiarra, Cherif Fall senegaldarra eta Shawn Arjang Bahrololumi irandarra gainditzeko 10,50eko puntuazioarekin. Bigarren kanporaketan, ordea, gehiago kostatu zaio aurrera egitea. Marea igotzean, oso olatu gutxi sartu dira eta, horren ondorioz, Adurren lana ez da batere erraza izan hirugarren fasera igarotzeko. Zarauztarra kanporatuta zegoen 30 segundoren faltan, Caleb Cutmore zeelandaberritarra hirugarren postutik bigarrenera pasa denean Adur toki horretatik kenduz, baina azken hasperenean olatu batek pasea eman dio.

Ruben Vitoria, bestalde, erraztasun handiz igaro da bigarren kanporaketara. Zarauzko surflariak bere seriea bideratuta utzi du 3.50 eta 6.17ko bi olatu goiztiarrekin. Horrek lagundu egin dio arauzko 20 minutuetatik geratzen zen guztian modu positiboan jarraitzeko. Azkenik, 5.57rekin baloratutako beste olatu batek 11.74ko puntuazioa eman dio guztira, eta hori ukaezina izan da. Ruben Vitoria Surfing Gamesetan oso motibatuta parte hartzen ari da, argi baitu olinpikoa izatea dela bere helburu nagusietako bat.

Keoni Lasa zarauztarrak ez du Amatriainen eta Vitoriaren zorte bera izan. Eguneko laugarren txandan lehiakide gogorrak izan ditu: Caleb Cutmor zeelandaberritarra, Girmantas Neniskis lituaniarra eta Tokio 2021ean olinpikoa izan zena, Lucca Mesinas perutarra. Lasa hirugarren geratu da, 6.73ko puntuazioarekin, beraz, hemendik aurrera errepeskan lehiatu beharko du. Hala ere, oso positibotzat jo du Huntingtonen jokatu duen lehen jardunaldia, 16 urterekin debuta egin ahal izan baitu Munduko Txapelketa absolutuan. Salvador 2021eko edizioan Venezuelako selekzioak deitu zuen, nazionalitate bikoitzari esker, baina orduan ordezko gisa aritu zen.