basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Surfa 27
abuztua
2022

Ariane Ochoa, Rip Curl Pro Anglet-eko txapeldunorde

Basque Teameko surflaria Yolanda Hopkinsek baino ez du gainditu WQS zirkuituari dagokion txapelketan

Ariane 32 onenen kanporaketan sartu zen lehian; aurretik bizkaitarrak egin behar izan ez zituen beste bi kanporaketa jokatu ziren. Bertan Ainhoa eta Sara Leiceaga Urruñako surflariak eta Rachel Presti alemaniarra izan zituen aurkari. Arianek aurrera egin zuen txandako lehen postuan, 11.77ko puntuazioarekin, Ainhoarekin batera, Iparraldekoak 10.50 puntu pilatu zituela.

16 onenen txandan, Ochoak Portugalgo armada indartsuarekin neurtu zituen indarrak. Hala ere, nazioarteko surfean une zoragarrian dauden portugaldarrek ezin izan zuten Basque Teameko kirolaria gelditu. Arianek hurrengo fasera egin zuen salto, berriz ere txandako onena izanik. Arianek 10.57ko puntuazioa lortu zuen eta Carolina Mendes, Teresa Bonvalot eta Gabriela Dinisen aurretik bukatu zuen.

Final-laurdenetan zortez egokitu zitzaion beste arerio portugaldar bat: Mafalda Lopes. Arianek, surf sendoa erakutsiz, 6.33 eta 6.17ko bi olatu onenak lortu zituen 12.50eko puntuazioarekin amaitzeko, eta horrek argi eta garbi eman zion finalerdietarako txartela, Lopesek lortutako 8.24koarekiko alde nabarmenarekin.

Finalerdietan aurkari zaila izan du gaur zain: Anat Lelior. Israeldarra Tokioko Jokoetan lehiatzeko sailkatu zen eta hamazazpigarren postuan amaitu zuen hitzordu handian. Gaur egun 25. postuan dago WQS zirkuituko zerrendan. Arianek, aurrean zuen aurkariagatik kikildu beharrean, oso ondo jokatu du eta hasieratik aurretik jarri da. 4.67ko olatu bat eta 6.33ko olatu bat, arauzko denboraren hasieran, nahikoa izan dira finalerako txartela eskuratzeko. Leliorrek ezin izan du zamalkatu puntuazio ona eman dion olaturik, eta 4.10eko batekin eta 2.93ko beste batekin konformatu behar izan du.

Denbora galtzeko astirik gabe, gaur goizean bertan, gizonezkoen finalerdiak jokatu ondoren, emakumezkoen finalaren txanda iritsi da. Olatuen eskaintza ez da oso anitza izan, eta Ariane Ochoak eta Yolanda Hopkins portugaldarrak olatuen aukeraketan jarri behar izan dute arreta, eskuzabala izan ez den itsasoari ahalik eta probetxurik handiena ateratzeko. Hopkinsek mota guztietako olatuei errentagarritasuna ateratzeko trebetasuna du, txikiak izan arren; Ochoak, berriz, bere surferako egokiak diren olatuen zain egon behar du, eta burua hotz mantendu behar du, txandako minutuak pasatzen ikusi arren. Yolanda Hopkins aurretik jarri da 3.17ko olatuarekin eta 6.17ko olatuarekin, eta Arianek 3.50 eta 2.20ko olatuekin erantzun dion arren, ez da nahikoa izan. Bost minuturen faltan bizkaitarrak 3.87ko olatu surfeatu du eta markagailuan hurbildu da. Jarraian, 3.53 eta 5.37ko beste bi olaturekin itxi du bere jarduna, baina ezin izan du aldatu finalaren norabidea. Yolanda Hopkinsek irabazi du Pro Anglet txapelketa 11.17ko puntuazioarekin eta Ariane Ochoak lortu du bigarren postua 9.24 punturekin.

Pro Anglet honen emaitzak Arianeri arantzatxoa ateratzeko balio dio; irailaren 16tik 24ra bitartean Huntington Beacheko Munduko Txapelketan parte hartzeko estatuko selekzioaren deialdian ez dute sartu bizkaitarra eta.