Iñigo Peña Basque Teameko piraguistak bere bigarren zilarra irabazi du Municheko Europako Txapelketan
Egun-hasiera zaila izan du Peñak. Pacorekin entrenatzera irtetean, aurreko egunetako esfortzuagatik oso nekatuta zegoela nabaritu du. Iñigok beste zilar bat lortu zuen K4-1.000 metroko proban eta K4-500 metrokoan ere lehiatu zen. Bigarren proba honetan sailkapen-seriea, finalerdia eta finala egin behar izan zituzten. Lau egunetan sei lasterketa izan dira eta Zumaiakoak egindako lan guztia gogotik ordaindu du gaur.
Iñigok, ordea, indarberritzea lortu du, eta Pacorekin batera, dena emateko gogotsu irten da Municheko estropada eremura. Beti bezala, ohiko estrategiari jarraitu diote. Indarrak estropadaren amaierarako gorde dituzte eta 500 metrotik hirugarren postuan pasa diren arren, hortik aurrera bigarren postuan kokatu dira helmugara iristeko 3:14.505eko denborarekin (+0.693) alemaniarren atzetik, euren betiko aurkarien atzetik. Bikote italiarrak brontzea eskuratu du.
Nahiz eta oso ezberdinak izan, batez ere fisikoki, Iñigo Peña eta Paco Cubeles elkarren osagarri dira. Elkarrekin lortu zuten K2-1.000 metrokoan diploma olinpikoa Tokioko Jokoetan, zilar bat Montemorreko Munduko Txapelketan 2018an eta beste bat Szeged 2019an, brontzea Plovdiveko Europako Txapelketan 2017an, brontzea Belgradeko Europako Txapelketan 2018an, urrea Szegedeko 2017ko Munduko Kopan eta beste bat Belgradekoan, urte berean, eta zilarra Szegedeko 2018ko Munduko Kopan.