basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
IgeriketaAlbisteak 29
ekaina
2022

“Oso garrantzitsua da Pariserako bidea horrela hastea”

Nahia Zudaire Basque Teameko igerilariak urrats sendoa eman du Madeirako Munduko Txapelketan hurrengo Jokoei begira

Nahia Zudairek 18 urte bete ditu aurtengo maiatzean, baina, gaztea izanagatik, badaki zer den Munduko txapelketa batetik metal preziatuekin itzultzea. Usurbilgo kirolariak hiru brontze lortu ditu Funchalen jokatutako Munduko Txapelketan, estilo libreko 400 metroko proban, 4×50 metroko errelebu mistoetan 20 puntuko proban eta estilo libreko 4×100 metroko 34 puntukoan.

“Oroitzapenak oso onak eta oso politak dira. Han ez nintzen konziente lortzen ari nintzenaz baina etxera bueltatzean eta familia eta lagunak ikustean eta beraien zorionak jasotzean konturatu naz lortutakoaz eta oso pozik nago” adierazi dio Zudairek Basque Teameko komunikazio taldeari.

Madeirara iritsi bezain laster, Nahiak banakako proba jokatu zuen, eta lehen ahalegin horretan podiumera igotzeak indarra eman zion jarraitu zuen guztiari ekiteko.

“Lehenengo egunean oraindik nituen mila gauza buruan eta aterrizatzen nengoen, oraindik lehiaketako martxa hartu gabe nuen eta burutik pasa zitzaidana izan zen lortu nuela. Bide apur bat korapilatsua izan da, baina orduan pentsatzen duzu lortu duzula eta oso pozik jartzen zara”, aitortu du Nahiak.

Taldekako proba misto berrietan lehiatzeak, gainera, beste pizgarri bat eman dio.

“Orain arte nik ez dut errelebuetan parte hartu, lehen aldia zen eta oso polita izan da, txapelketaren perspektiba guztiz aldatu dit, beste era batera aurre egiten diozu probari eta jendearekin egoteak laguntzen dizu. Iruditu zait oso esperientzia polita izan dela eta asko disfrutatu dut errelebuetan parte hartu izanaz eta dominak lortu izanaz”.

Tokioko Jokoen eta Munduko Txapelketaren artean hamar hilabete baino ez dira igaro. Igerilariek oso denbora gutxi izan dute denboraldiko probarik garrantzitsuena prestatzeko. Hala ere, emaitzak oso onak izan dira, lana lehenago egin baitzuten.

“Oso denboraldi laburra izan da ez bakarrik goiz bukatu delako baizik eta gu ere berandu hasi ginelako berandu bukatu genuelako Jokoengatik. Horregatik prestaketa presaka egin dugu baina aldi berean Jokoetarako egindako lana ikusi da, gorputzak dena xurgatu zuelako. Zortea izan dugu prestaketa ona eraman genuelako Jokoetara eta Munduko txapelketarako lagungarria izan da”, azpimarratu du gipuzkoarrak.

Nahia Zudairek lehen dominak lortu ditu Madeiran Munduko Txapelketa batean. Europako txapelketetan bazituen jada, baina oraingoa beste urrats bat izan da datozen helburu nagusiei begira.

“Egia da ateak ireki dizkidala eta Pariserako bidea, nire benetako Jokoak izango direnei begira, nire benetako zikloa holan hastea, ondo hastea eta pauso sendoak emanez egitea oso garrantzitsua dela. Kirolarekiko ikuspegi berria, dena den, Jokoen prestakuntzarekin hasi zen eta hau beste eskaloitxo bat igotzea izan da. Bai Paris bai Los Angeles 2028 dira nire Jokoak, nire adina kontuan hartuta. Tokio izan zen abiapuntua ikusteko nola funtzionatzen duen guzti honek eta Paris izango da konpetitzeko eta beste emaitza batzuk lortzeko txapelketa bat. Horregatik nire burua ondo ikusten dut etorkizunera begira edukiko dudalako adin bat egokiagoa Jokoak aurrera eramateko. Hori guztia denborak esango du baina bide zuzenetik gabiltzala esan dezakegu”, dio Nahia Zudairek.