basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Eskia 19
otsaila
2022

Imanol Rojok 21. postuan amaitu du Beijingeko Jokoetako iraupen eskiko proba nagusia

Basque Teameko kirolariak bere banakako emaitzarik onena berdindu du Joko batzuetan, duela astebete eskiatloian lortutakoa

Imanol Rojok ahalegin handia egin du Beijingeko Jokoetako bere azken proban 21. postua lortzeko. Hasiera batean 50 kilometrokoa izan behar zuen lasterketa 30 kilometrora laburtu behar izan dute, eta espero baino ordubete beranduago hasi da, Zhangjiakouko iraupen-eskiko Zentro Nazionala gaur astindu duten haize-bolada bortitzek eraginda. Erabaki horrek ez dio batere mesederik egin tolosarrari, distantzia handietan erosoago baitago, 50 kilometrokoa bere proba fetitxea izanik.

“Amorrua eman dit, 4 urte neramatzalako karrera prestatzen. Berdin dio 30 eda 50 egiteak, lasterketan zaudenean berdin dio. Laburtuz gero, ez da haize eta hotz gutxiago egongo. Gustatuko litzaidake 50 kilometroak korritzea, seguruenik postu hau hobetuko nukeelako” esan du Imanolek proba amaitzean.

Rojok aurreko elkarrizketetan ohartarazi zuen, gaurkoa haizeak markatutako eguna izango zela, eta gakoetako bat taldean babestuta egotea zela. Lehen kilometroetan ederki bete du bere lana, baina 15. kilometrotik aurrera lasterketaren zatirik handiena bitan moztuta geratu da, Imanol bigarren multzoan utziz. 17 eskiatzailek ihes egin dute eta horien artean faborito nagusiak zeuden: Bolshunov, Holund, Krueger, Manificat edo Dario Cologna, besteak beste. Errusiarrak tiraka hasi dira, eta ondorioz lehiakide batzuk arazoak izaten hasi dira, hala nola Norvegiako izarra, Joko hauetan lau domina irabazi dituena, Johannes Klaebo. Denbora galtzen hasi da eta azkenean lasterketa uztea erabaki du. Horrek erakusten du gaurko lasterketa zein gogorra izan den.

“Oso lasterketa gogorra izan da, hasieratik asko tiratu dute. Lehen 15ak tiraka hasi direnean mozketa bat egin dute, sartzen saiatu naiz, baina ezin izan dut. Amorrua ematen dit oso ondo nengoelako. Gero eroso joan naiz bigarren multzoan eta esprintean jokatu dugu bukaera” esan du Imanolek.

16,8 kilometrotan, Imanol 21. tokian  zegoen, bigarren taldean gora eginez. 22.3 kilometroko erreferentzia igarotzean, 19. postura igo da (+2.07.7), Salvadori italiarrarekin, Pralong suitzarrarekin edo Baba japoniarrekin azpitalde txiki batean babestuta. 23.9 kilometroan 17. postuan zegoen (+2:18.2), gaurko egunean lortutako onena. Azken bost kilometroetan Basque Teameko kirolariak eutsi egin dio eta helmugaratzea esprintean jokatu da. Azkenean 21. postuan sartu da helmugan, 1:14:50.5eko denborarekin (+3:17.8), Sotxi 2014an eta Pyeongchang 2018an lortutako 33. postua hobetuz.

“Joko hauen balorazio oso positiboa egiten dut. Nire postu guztiak distantzia guztietan hobetzea oso positiboa da, baina probaren batean postu hoberen bat egin nezakeela uste dut. Distantzia bakoitzean postuak hobetzen doazen bitartean, pozik egon behar dut. Beijingen ondoren, Munduko Kopako hiru asteburu geratzen dira orain, eta ahalik eta gehien ematen saiatuko gara” aitortu du Imanolek.

Manex Salsamendi Silva nafar-brasildarrak, bestalde, 58. postuan bukatu du 1:33:11.8ko denborarekin (+21:39.1).

Lasterketa buruari dagokionez, errusiarrek eta norvegiarrek erakustaldia eman dute gaurko egunean. Aurreikusitako gidoia karrera erditik aurrera bete da, gutxi gorabehera. Maltsev, Bolshunov eta Yakimushkin errusiarrek asko sakatu dute, oso lasai, eta azken kilometroetan Bolshunoven enbidoak hilgarriak izan dira. 27.2 kilometroetan Bolshunov tiraka hasi da, gupidarik gabe, podiuma erabakita uzteko. Ivan Yakimushkin herrikideak eta Simen Hegstad Krueger norvegiarrak bakarrik jarraitu diote. Bolshunov bakarrik helmugaratu da, kronoa 1:11:32.7an geldituz. Urrea irabazi zuen eskiatloian eta Beijingeko Jokoetan lau domina eskuratu ditu guztira: bi urre, zilar bat eta brontze bat. Beste lau bildu zituen Pyeongchangen, baina bat ere ez urrezkoa. Gainera, Munduko Kopako sailkapen nagusia birritan irabazi du, eta hori guztia 25 urterekin. Zilarra Yakimushkinentzat izan da gaurkoan (+5.5) eta brontzea Kruegerrentzat (+7.0).