basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Albisteak 10
otsaila
2022

“Bidea gogorra izan da, eta hemen egotea sinestezina da”

Lucas Eguibar Basque Teameko snowboarderra oso hunkituta agertu da Beijingeko Jokoetan diploma olinpikoa irabazi ondoren

Lucas Eguibarrek 2014n Sotxin lortu zuen zazpigarren postua errepikatu du, Beijingo 2022ko Jokoetako snowboardcross proban bere bigarren diploma olinpikoa poltsikoratzeko. Lucas, egungo Munduko txapelduna, podiumera igotzeko faboritoa zen, baina gaur ezin izan du pistara bere bertsiorik onena atera.

“Mota guztietako sentimenduak ditut. Oso lasterketa zaila aurreikusten nuen, eta onena da lehen txandan ondo aritu naizela. Hasieran bai, aurkitu dut nire maila. Final-laurdenetan erdi hautsita neukan finkapena, baina zortea izan dut lagun. Apur bat denetarik egon da, akatsak eta zortea”, adierazi du Lucas Eguibarrek Espainiako Batzorde Olinpikoari emandako prentsaurrekoan.

Genting-eko Snow Park-en diseinatutako zirkuituak nolabaiteko aldea izan du ezker oina aurrean duten riderren (‘regulars’ izenaz ezagutzen direnak) eta Eguibar bezalako “goofy rider”-en artean. Pistak ez dio mesede handirik egin donostiarrari, are gutxiago sailkapen-txandan pixka bat baztertuta geratu ondoren.

“Ezkerraldetik irteera are zailagoa zen, horrela egokitu zait sailkapenagatik eta erruaren zati bat nik badaukat, jakina. Entrenamenduetan irteera aldatu dute baina oso teknikoa zen. Abiadura galtzen genuen eta pixka bat trabatu naiz kanpotik”, esan du Eguibarrek.

Joko hauetara iristeko bidea ez da larrosa kolorekoa izan. Bizkarreko lesioagatik hiru aldiz infiltratu behar izan dute, eta diziplina uztea ere pentsatu du une batzuetan. Horri covid-aren ondorioz bizi behar izan dituen etengabeko burbuilak gehitu behar zaizkio.

“Bidea gogorra izan da bizkarreko lesioagatik eta hemen egotea sinestezina da. Horrek hunkitzen nau. Gainera, denbora asko daramat familiarekin egon gabe covid-agatik. Une onetan eta txarretan daude, eta haiei esker aurrera egiteko indarra daukat” aitortu du Munduko txapeldunak.

“Small Final” delakoan Tommaso Leoni italiarra erori egin da eta Lucas lurrera bota du. Basque Teameko kirolaria eroriko askoz arriskutsuago batetik libratu ahal izan da, nahiz eta apur bat jota dagoela onartu duen prentsaurrekoan.

“Etorkizuna ordu gutxi barru etxera joan eta atseden hartzea da. Geratzen diren Munduko Kopako bi lasterketak egin nahi ditut, baina bizkarra ondo begiratu behar dut min hartu dudalako” adierazi du gipuzkoarrak.

Beijingekoak hirugarren Jokoak izan dira Lucas Eguibarrentzat, 2014ko Sotxin beste diploma bat eskuratu zuen eta 2018ko Pyeongchangen ezin izan zuen final-zortzirenetatik pasa. Gainera, bere ibilbide bikainean nabarmentzekoak dira 2015ean lortutako Kristalezko Globoa Munduko Kopako sailkapen nagusian gailenduta, Sierra Nevadako Munduko azpitxapelketa 2017an eta Idre Fjällen irabazitako Munduko txapeldun titulua 2021ean.