Lucas Eguibar bosgarren izan da, baina sentsazio oso onekin bukatu du Cortina d´Ampezzoko Munduko Kopa
Basque Teameko riderrak gaueko lasterketako ia kanporaketa guztietan distira egin du eta finalerdian izandako desorekak bakarrik ilundu du Italiako herrian egindako jarduna
Gaur zortea ez da Lucas Eguibarren lagun izan Cortinako Munduko Kopan. Lehenik eta behin, goizeko entrenamenduetan izandako eroriko batek soax-a minduta utzi dio sailkapenerako, baina donostiarrak aurrera egiten jakin du arratsaldeko lasterketarako txartela lortzeko, hamahirugarren postuan amaituta.
Hitzordu handian Lukik sendo egin die aurre final-zortzirenei, aldi berean denboraldiko helburu nagusiari, Beijingeko Joko Olinpikoei, begira indarrak dosifikatzen jakinda. Final-zortzirenetan aurrera egin du hurrengo kanporaketara Noerl alemaniarrarekin batera.
Final laurdenean Basque Teamen beka jasotzen duen snowboarderra azkarrena izan da paso kronometratu guztietan, eta horrek Noerl, Lueftner austriarra eta Ferrari italiarra mendean hartzea ekarri dio.
Podiuma gertu egon zitekeela zirudien, Cerviniako Munduko Kopan bezala. Han Lucas Eguibarrek brontzezko domina irabazi zuen. Irteeratik gertu izandako eroriko batengatik final handian ez da sartu eta Munduko Kopako sailkapen nagusirako puntu oso baliotsuak ez ditu bildu donostiarrak. Hala ere, lasterketak sentsazio oso onak utzi dizkie Eguibarri berari eta bere talde osoari.
Finalerdiko akats txikia ahaztuta geratu da Small Finalean; izan ere, Lucasek bere bertute guztiak atera ditu berriro pistara, eta beste lehiakide guztien gainetik nabarmendu da. Nagusitasunez gailendu zaie Vuagnoux frantziarrari, Pickl austriarrari eta Visintin italiarrari, eta bosgarren postuan amaitu du Cortinako proba.
Munduko txapeldunak bere galoiak erakutsi ditu Cortina d´Ampezzon, eta gaur Italiako zirkuituan egindakoaren arabera, borroka handia agindu du bere lehen olinpiar domina irabazteko Txinan.