Maialen Oiartzabal eskiatzailea izango da ‘BAT To Beijing’ saioaren laugarren atalaren protagonista
Dokumental saila osatzen duten bost atalak igande goizetan emititzen dira ETB1eko ‘Helmuga’ saioan
Basque Team Fundazioarentzat Korima Films ekoiztetxeak egindako programak Maialen Oiartzabal freeski edo estilo libreko eskiatzailea izango du ardatz aste honetan. Maialen eski akrobatikoan aritzen den euskal kirolari bakarretakoa da, neguko kirolen barruan kasu bitxia.
12 urterekin eman zituen lehen urratsak freeskian, eta adrenalinak erabat erakarri zuen, hainbat aldiz Espainiako txapeldun izateraino, eta Europako Kopan eta Munduko Kopan estreinatzeraino.
Andorran denboraldi batzuk eman dituen arren, Espainiako federazioaren egiturak bizi duen egungo egoera dela eta, etxera itzultzeko erabakia hartu du. Goi mailako kirolari gisa duen garapena planteatzeko beste modu bat da, beste kasu batzuetan ere gertatu izan dena, Maider Unda borrokalariarekin, adibidez. Senide eta lagunak eta Basque Team fundazioa gertu izateak aurrera egiten laguntzen dio. Berak dioen bezala, “dena ondo joateko, ondo egon behar duzu”.
Maialenek bidaiek ematen dizkioten momentuez gozatzen du. Psikologia ikasten du eta horrek lagundu dio alderdi hori zaintzea zein garrantzitsua den egiaztatzen. Beldurrak saihestu eta zenbait gauza ezin dituela egin pentsatzeari utzi behar zaiola adierazten du. Egin behrreko trukoak gero eta zailagoak dira, eta jauziak altuagoak. Horregatik, beldurra kudeatzen jakin behar dela dio.
Joko hauetarako sailkapena ezinezkoa izan da, baina oraindik animoz eta indarrez ikusten da beste ziklo olinpiko bati aurre egiteko.