basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Snowboard-a 18
abendua
2021

Lucas Eguibar podiumera itzuli da brontze bat lortuta Cerviniako Munduko Kopan

Basque Teameko ‘rider’-ak berriz ere distira egin du 2022ko Beijingeko Joko Olinpikoetarako faboritoa den denboraldian

Lucas Eguibar, egungo Munduko txapelduna, ederto aritu da Munduko Kopan, Cervinian (Italia) jokatutako proban podiumeko hirugarren tokira igota. Basque Teameko beka jasotzen duen snowboarderra azken aldian ohi zituen jardun bikainetara itzuli da. Atzean geratu dira denboraldi honetako Munduko Kopako lehen bi emaitzak, ez hain onak: Secret Gardeneko (Txina) proban 22. postua eta Montafoneko (Austria) proban lasterketarako sailkatu ez izana. Munduko txapelketan urrezko domina zintzilikatu zuenetik bizkarreko arazoak sufritu izan ditu donostiarrak eta horiekin jarraitu du uda honetan, baina badirudi hori ere gaindituta dagoela, Neguko Kiroletako Espainiako Federazioari gaurko lasterketaren amaieran egindako adierazpenen arabera.

“Oso pozik nago, hunkituta, oso uda luzea izan da bizkarreko arazoekin, kirola uztea ere pentsatu nuen, hobera egiten ez nuelako. Baina hemen gaude berriro eta oso pozik nago. Garaipenak ihes egin digu egin ditudan akatsengatik, baina lanean jarraitu behar dugu. Orain Gabonak gozatzea eta indartsuago itzultzera”,  adierazi du Lucas Eguibarrek.

Eguberrietako etenaldiaren ondoren, emozioz beteriko denboraldia izango du zain, Munduko Kopako sailkapen nagusiko Kristalezko Globoa jokoan dagoela, baina baita otsailean jokatuko diren Beijingeko Jokoetan domina lortzeko hautagaietako bat izatearen presioarekin ere.

Gaur berriro erakutsi du zergatik dagoen kiniela guztietan. Aosta Haraneko pistan markatutako zirkuituan sendo irristatu da. Atzo onena izan zen sailkapen txandan eta gaur azkarrena izan da final-zortzirenetan zein final-laurdenetan. Final-zortzirenetan aurrera egin du Kalle Koblet suitzarrarekin batera, Basque Teameko Alvaro Romero eta Alex Debold estatubatuarrak gaindituta. Final-laurdenetan Alessandro Haemmerle ahalguztiduna, Koblet eta Filippo Ferrari italiarra baino azkarragoa izan da.

Finalerdia ez da oso ondo hasi, Lucas laugarren postuan geratu baita. Hala ere, nerbioak kontrolpean izaten jakin du, eta, aipatzeko moduko pazientziaz, aurkarien akats baten zain geratu da. Haemmerle austriarrak eta Yoshiki Takahara japoniarrak talka egin dute, eta lurrera joan dira. Lucasek hori aprobetxatu du bigarren postura  aurrera egiteko.

Final handian Jakob Dusek austriarra eta Eliot Grondin kanadarra izan dira onenak. Lucas Eguibarrek oso gustu gozoa duen brontzearekin konformatu behar izan du. Hirugarren postu horri esker podiumera itzuli da ‘Luki’, Munduko Txapelketako urrearen eta Reiteralmeko Munduko Kopako zilarraren ondoren, ia urte bat beranduago.