basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Piraguismoa 04
iraila
2021

Higinio Rivero piraguistak diploma bat irabazi du Tokioko Jokoetan seigarren bukatuta

Higinio Rivero Basque Teameko palistak jardunaldi gogorra izan du Tokioko Sea Forest Watergate kanalean, ordu eta erdi eskasean VL2-200 metroko finalerdia eta finala jokatu behar izan baititu.

Bere finalerdian, probako bigarrenean, Higiniok denborarik onena egin du, 55.195; bigarren markarik onena izan da bi finalerdiak kontuan hartuta. Beraz, bizkaitarrak ez du arazo handirik izan eguneko hitzordu nagusira pasatzeko. Finalean aurkari handiak zituzten zain, tartean Mourao portugaldarra eta Fernando Rufino de Paulo brasildarra, lehen jardunaldiko txandetan finalerako zuzenean sailkatu zirenak.

“Seriea nahiko eskuragarria eta ona izan zen, baina finalerdian gogorrenak egokitu zaizkit, 2019ko Munduko txapelduna eta Europako txapelduna. Ondo egin dugu, gehiegi gastatu gabe finalerako lehenak sartu gara. Finalean, jendea nola zegoen ikusita, bagenekien puntu bat gehiago igo behar genuela. Igo egin dugu, baina ez naiz gai izan azken metroei eusteko; haizeagatik ere bai, ezkerraldeko kaleek hori alde izan baitute. Horixe egin behar zen eta egin dugu. Saiatu eta ez konformatu” kontatu dio Higiniok Basque Teameko komunikazio taldeari.

Finalean, agerian geratu da parakanoean azken urteetan izaten ari den bilakaera eta kirol honetan lehiakortasuna areagotzeko ematen ari diren urratsak. Fernando Rufino de Paulo brasildarrak irabazi du urrezko domina (53.077), Steven Haxton estatubatuarrak zilarra (55.093) eta Norberto Mourao portugaldarrak brontzea (55.365). Aurrenekotik aurrerako postu guztiak oso lehiatuak izan dira. Higinio seigarren postuan helmugaratu da, garailearengandik 2.981era.

“Lehen bost segundoko aldeak egoten ziren, gero bikoak. Eta orain ia segundo erdira gaude denok. Zaila eta aldi berean dibertigarria da, niretzat behintzat. Oraingoan ezin izan da lortu, baina ez dugu itxaropena galtzen. Ikusten dugu hor gaudela eta lor dezakegula, eta hurerngoan borrokatzen jarraitu behar dugu”, adierazi du Riverok.

Higiniok oso pozik bukatu ditu bere lehen Jokoak. Gaur irteera azkar bat egiten saiatu da, normalean hobetu behar duen elementua, eta emaitza oso ona izan da. Ondoren, arazoa azken metroetan etorri da, erritmoari eutsi ahal izateko. Hori da hurrengo hitzorduetan zuzendu beharreko gakoa. Higinio Rivero Kopenhagen irailaren 16tik 19ra jokatuko den Munduko Txapelketan pentsatzen ari da dagoeneko, eta jakina, baita 2024ko Pariseko Jokoetan ere.

“Oso pozik nago. Agian finalean gehiegi harrotu naiz, baina berriro egingo nuke. Finala ondo hasi dugu. Normalean lehen 50 metroetan aldea ateratzen naute, eta nik uste dut hor egon garela, lehenengo hiru postuetan, lehen 100 metroetan. 100 metroetatk aurrera hasi zait pixka bat maldan gora egiten. Egia da ni azken zatian igo ohi naizela, 100etik aurrera erregulatu dut, baina ez da nahikoa izan azken metroetan dudan ohiko igoera egin ahal izateko, hasieran gehiegi estutu dudalako aurrean egoteko. Irteera berriro egingo nuke eta entrenatu behar dudan gauza bakarra amaiera hobea egin ahal izatea da, beraz, gaur egindakoa ez dut aldatzen”, esan du Basque Teameko piraguistak.