basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Igeriketa 31
abuztua
2021

Nahia Zudairek eta Iñigo Llopisek diploma bana lortu dute 400 metroko estilo libreko finaletan

Saskibaloian Agurtzane Egiluzen selekzioak 57-33 galdu du Alemaniaren aurka final-laurdenetan, diploma ziurtatuta duen arren

Iñigo Llopisek bigarren diploma bat gehitu dio Tokioko Paralinpiar Jokoetan orain arte lortutakoari. Bizkar estiloko 100 metrokoan zilarrezko domina eskuratu zuen, estilo libreko 4×100 metroetan diploma lortu zuen eta gaur beste diploma bat lortzeko zazpigarren postua errepikatu du. Basque Teameko igerilaria eguneko lehen sailkatze saioan aritu izan da Aquatic Centerren, bere txandan hirugarren eginda. 4:44.19ko denborarekin ziurtatu du finalerako txartela.

Arratsaldeko saioan, Iñigok ez du igerian gaizki egin, 100 metroko bizkarreko proba bezain beste prestatu ez badu ere. Bere proba kuttunena ez izanagatik, zazpigarren postuan bukatu du. Helburua finalera pasatzea zen eta lortu egin du. Donostiarrak pozik bukatu du bere lana. “Nire lehen Jokoetan, Rio de Janeiron, 2016an, ez nuen finalera pasatzea lortu, eta orain aurrerapauso asko eman ditugu”, adierazi dio Iñigo Llopisek Tokiora joandako Basque Teameko komunikazio taldeari.

Emakumeen S8 mailako 400 metroko estilo libreko proban, Nahia Zudaire zuzenean aritu da finalean, sailkapenik jokatu behar izan gabe. Basque Teameko igerilariak zilarra irabazi zuen proba honetan maiatzean Funchalen jokatu zen Europako Txapelketan. Oraingo honetan podiumetik oso gertu egon da, laugarren bukatu du, baina egindako denborarekin 5:07.67 (+25.28) ez du oso pozik bukatu.

“Txapelketa honetara dominetan zentratu gabe, gozatzeko helburuarekin gentozen, nire lehen Jokoak direlako eta gozatzera eta ikastera nentorrelako, baina pixka bat desgustura geratzen naiz markarekin, ez baitut uste uda honetan egin dudan lan guztia eta gozatu dudan guztia erakusten duenik” esan du Nahia Zudairek proba amaitzean.

Gurpildun aulkiko saskibaloian, Agurtzane Egiluzen taldeak galdu egin du final-laurdenetan

Bestalde, Ariake Arenan, gurpil aulkiko saskibaloiko Estatuko selekzioak galdu egin du final-laurdenetan Alemaniarekin (57-33) eta ezingo du dominengatik borrokatu.

Abraham Carrionek zuzentzen duen konbinatua laugarren izan zen multzoen fasean, eta urrezko domina lortzeko hautagaietako batekin neurtu ditu indarrak, Alemaniarekin, 2016ko Rio de Janeiroko txapeldunordearekin, hain zuzen ere.

Dagoeneko final-laurdenetan egotea saria zen, Bartzelona ’92tik Jokoetarako sailkapenik ez zela lortu kontuan hartuta. Behin final laurdenetan sartuta, helburu berria finalerdietara iristea zela esan zion Agurtzane Egiluzek Basque Teameko komunikazio taldeari. Hori ezinezkoa izango da, baina orain, diploma ziurtatuta, playoffetan lehiatuko dira Britaina Handiarekin, irailaren 2an, zazpigarren edo zortzigarren postua lortzeko.