basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Atletismoa 07
abuztua
2021

“Maratoi olinpikoko top 30ean sartzea erabateko ospakizuna izan da”

Elena Loyo Basque Teameko atletak 29. postuan bukatu du Tokioko maratoia bere estreinaldi olinpikoan

Sapporoko kaleetan jende asko bildu da, maratoiaren gogortasuna eramangarriagoa izan zedin. Dominen borroka pribilegiatu batzuen esku geratuko zela ikusi da laster. Atzo, azken orduan, irteera aurreratu zuten, goizeko 6etara, baina tenperatura 30ºC-etara hurbildu da eta hezetasuna %80 ingurukoa izan da. Hala ere, baldintzak baldintza, Elena Loyo Basque Teameko atletak bere ametsa bete du, 42.195eko proba olinpikoan debuta egin, eta lan bikaina eginda. Arabarrak hogeita bederatzigarren bukatu du, Peres Jepchirchir kenyarrarengandik 7:18ra. Loyo estatu mailako atletarik onena izan da eta hamargarrena Europa mailan.

“Egia esan, lasterketan une oso gogorrak izan dira, leku batzuetan eguzkiak jotzen zuelako eta jasanezina zelako. Gorputzak esaten zizun, geratu zaitez hementxe bertan. Baina, egia esan, gainditzen joan naiz, gero itzalen bat zegoelako eta berreskuratzeko ematen zidalako. Oso ondo, hobera  egin dudalako, horrek ere animatu egiten ninduen, eta maratoi olinpikoan nintzala jakiteak atera aurretik sinatuko nukeen emaitza batera bultzatu nau. Horrela egitea sinatuko nukeen, marka ere ez da txarra izan, baldintzak gorabehera, eta postua oso ona dela uste dut” esan du Loyok proba amaitzean.

Sapporon eman diren baldintzak gorabehera, arabarrak denboraldiko bere markarik onena sinatu du (2:34:38), ‘Top 30’ean sarru da eta oso zati ona korritu du azken txanpan. “Nik uste dut denbora oso ondo dagoela. Ni ez naiz oso pozik egoten beti nire emaitzekin, baina uste dut, aztertuta, oso ondo dagoela. Uste dut urrats on bat eman dudala, nahiz eta une batzuetan beldurra pixka bat eman diezazukeen jendeak zugandik asko espero duelako eta zuk ez dakizulako zer emango duzun. Uste dut oso ondo dagoela, hamargarren europarra izan naiz, eta pozik egoteko modukoa dela uste dut, egia esan. Nondik natorren kontuan hartuta, pozik egoteko, gutxienez” aitortu du.

Azken orduko baldintzez eta ordutegi aldaketaz galdetuta, lasterketa gogorra izan dela azpimarratu du Elenak. “Gogorra izan da. Susto bat eman ziguten atzo ordutegia aldatu zigutenean. Goizeko hiruretan jaiki gara. Nerbio pixka bat bagenuen, baina eskertu egin da, bestela helmugara arrastaka iritsiko ginatekeelako. Eguzkiari, tenperaturari, irabazi diogun ordu hori garrantzitsua izan da. Hogeita hamar gradurekin amaitu dugu eta hezetasuna zegoen; espero nuena baino gutxiago, baina hezetasuna zegoen”.
Elena Loyok bere beldurrak gainditu ditu bere debuta egiteko. Egindakoarekin pozik dagoela aitortu du arabarrak.

“Ez dut partzialik ikusi, baina lasterketaren hasieran ondo nihoan, 15. kilometrora arte. Gero konturatu naiz oso ondo erregulatu behar nuela, beroak gogor joko zuelako. Une bat egon da hor gaizki pasatu dudana, sentsazioak, beldurrak… zetorrenerako prest ez nengoela pentsatu dut, eta 30. kilometroa arte errespetu horrekin joan naiz, baina gero askatzen hasi naiz eta sentitzen nuen giharrek erantzuten zutela. Niretzat, maratoi olinpikoko top 30ean egotea erabateko ospakizuna izan da. Amets bat zen. Maratoi olinpikoan debuta egitea eta ondo egitea, ez nuen uste, oso polita izan da”.

Atzoko urduritasunak lasaitasunerako bidea eman du gaur. “Atzo zerbait serioa zetorrela zirudien, eta gaur askatu egin naiz. Bukatzean pentsatu dut ‘kito, eginda’. Hainbeste hilabete daramatzazu maratoia prestatzen, giharretan arazorik ez izaten saiatzen, prestaketa zaintzen, nerbio asko sortzen eta gero hitzordua hurbiltzen da eta batzuetan lan bikaina egiten baduzu ere, gero ez zaizu ateratzen. Hainbeste gauza egiten dituzu gero, eta esaten duzu, kito. Beraz, orain erlaxazioa dator”.

Sailkapen olinpikoa sari bat izan da Elena Loyorentzat, maila gorenean korrika egiten daraman denbora apurra kontuan hartuta, baina ez du uste helburu horrekin bere teilatura iritsi denik: “Gauza hauek ilusioa berritzen dizute. Oraindik honekin gozatu egingo dugu, baina baditut gauzak buruan. Esperientzia ederra da, kirolari orok bizi nahiko lukeena, eta nik egin ahal izan dut. Inflexio puntu bat da, baina bidea aurrera doa. Gainera, entrenatzaile bat daukat, denak aurrera jarraitzen duela erakusten duena. Oraindik ezin izan dut berarekin hitz egin. Uste dut deitu diodanean, proba ostean, ohean sartu dela” esan digu Elenak barrez.

Lasterketa osotik eta, oro har, jokoetatik, Elenak bere beldurrak gainditu dituen unea nabarmentzen du. “Neure buruari aurre egin diodan unearekin geratzen naiz, beldur eta zalantza handiarekin nindoalako. Esan dudanean ‘Elena, utzi elkarrizketa hori eta jarri beste elkarrizketa batean modu positiboan, tira aurrera, kontzentratu ondo eta kito'”.

Tokiora iritsi arteko prozesua zaila izan da, eta bere ametsa lortu izanak Basque Team fundazioaren beka jaso duen kirolaria hunkitu du. “Momentu gogorrak izan dira maila pertsonalean, eta oso zaila izan da prestaketa, baina batzuetan gauza horiek, buelta ematen badiezu, zure bertsiorik onena ateratzeko motorra dira. Borroka guztiak dira onak eta beharrezkoak. Ongi ateratzen direnean, bestela hondoratu egiten zaituzte. Baina ez, horiei aurre egin eta aurrera jarraitzea da kontua, buelta ematea”.

Ondo egindako lanaren ondoren, atseden hartu eta familiarekin eta lagunekin ospatu behar da. “Datozen orduetan lasai egon eta lagunekin gozatu, tentsiorik gabe. Bihar Tokiora joango gara eta astelehenean Espainiara bidaliko gaituzte. Aita ikusteko gogoa dut, eta nirekin entrenatzen direnak ikusi nahi ditut, babes handia direlako niretzat, ez bakarrik kirol mailan, baita orokorrean ere”.