basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Atletismoa 06
abuztua
2021

“Lana eginda dago gorputzak ahalik eta ondoen erantzuteko”

Elena Loyo Basque Teameko maratoilariak adierazi duenez, bere aukeren barruan dena ematen saiatuko da, Sapporoko baldintzak oso gogorrak izango direla ahaztu gabe

Elena Loyoren ezaugarri nagusietako bat  bere balio-aniztasuna da. Prestakuntzaz ingeniari teknikoa da, eta hainbat lan uztartu ditu urteetan zehar, horien artean modelo lanak, geroago atletismoak atea jo zuen arte. Loyo 27 urterekin hasi zen kirol hau praktikatzen, herri lasterketak korrituta, eta bere emaitza onek praktikan sakontzea eragin zuten. Hamar urte baino ez ditu behar izan gorengo tokira  iristeko.

2013an, Gasteizko Maratoi Erdia irabazi zuen, eta euskal atleta onenen zerrendan sartu zen. Handik gutxira, Arabako markarik onena lortu zuen maratoian, eta 10 kilometroko Euskadiko Txapelketa irabazi zuen 2016ko ekainean. Urtebete beranduago, maratoi erdiko Espainiako Txapelketan bigarren postua lortu zuen. 2018an emaitza bera errepikatu zuen, eta master mailako txapelduna izan zen. Gainera, Glasgowen jokatutako Europako Txapelketan parte hartzeko txartela lortu zuen. 2019 urte oparoa izan zen Loyorentzat. Garaipen batzuk erdiesteaz gain, Espainiako maratoi erdiko txapelketa irabazi zuen. Jada 2020ko abenduan, sorpresa eman zuen, hasiera batean pentsaezina zen zerbait lortuz: Valentziako maratoian kronoa 2:28:25ean gelditu zuen, Tokioko Jokoetan lehiatzeko eskatzen zen gutxienekoa.

“Esperientzia paregabea bizitzen ari naizela uste dut, baina, aldi berean, maratoi bati aurre egin behar diozunez, eta baldintza oso gogorretan, guzti horretatik aldentzen eta ahalik eta gehien kontzentratzen saiatzen naiz”, esan dio Loyok Tokiora joandako Basque Teameko komunikazio taldeari.

Basque Teameko atleta aurreko orduetan burua beste zerbaitetan izaten ahalegintzen da. Hori lortzeko egunerokoan ondoan izan ohi duen jendeak laguntzen dio. “Entrenatzen dudan jendearekin kontaktua mantentzen dut, ulertzen naute eta badakite zer esan behar didaten egun hauetan. Jendearen mezu asko ere jasotzen ditut animatuz, baina ni pixka bat nire munduan nago eta ez nago sareen edo mugikorraren zain, egia esan. Urrun samar nago, baina eskertzen dut, noski”.

Arabarrak txapelketaren unea iristeko gogoa duela esan du. Maratoilariek gau bat igaro zuten Tokion, baina Sapporon kontzentratuta daude, iparralderantz 1.100 kilometrora, non probak jokatuko diren baldintza klimatologiko gogorren ondorioz.

“Prozesu oso bat izan da maratoia prestatzen ari nintzenetik. Hemen zaudenean, hasiera entzuteko gogoa duzu, lana asfaltoan islatzen saiatzeko. Tokion igaro genuen arratsalde bat, Hiri Olinpikoan. Gau batean bertan lo egin ahal izan genuen, eta gero honantz abiatu ginen. Hango giroa ikusgarria da, munduko kirolaririk onenak han daudelako. Kirola gustatzen zaigun jendearentzako giroa aparta da, eta une hori bizi ahal izan genuen. Alde batetik pena ematen badu ere, bestetik eskertu nuen hona etortzea, hemen gehiago kontzentratzen nazelako eta zentratuago nagoelako. Alde batetik penaz bizi dut, baina bestetik kontzentrazioaren alde positiboa ikusten diot”.

Elena Loyok mimoz prestatu du hitzordua, aklimatazio prozesua barne. “Hemen goizeko lauretan hasten da eguna, eta goizeko zazpietan 29 gradu dituzu. Gaur tenperaturak behera egin du zerua irekiago zegoelako baina bihar eguzkiak izugarri joko du, goizetik erradiazio handia edukiko dugu eta gaur hezetasuna izugarri jaitsi den arren, %70 inguruan gaude. Baldintzak oso zailak izango direla pentsatu behar da. Etxean nengoenean ordutegia apur bat aldatuta neukan. Ez nuen nahita egin, baina gauez gaizki lo egiten nuen, eta arratsaldez lo kuluxka gustorago egiten nuen. Hegazkinean etortzean, arratsaldeko seietan lokartu, eta goizeko zazpiak aldera jaiki nintzen, eta hasieratik ordutegietara ohitu naiz. Gainera, hemen dena oso goiz egiten da. Goizeko seietan jaikitzen gara, zazpietan entrenatzen ari gara, orain hamaikak eta laurden dira baina laster bazkaltzera joango naiz eta arratsaldeko bostetan afaria egiteko asmoa dut. Bihar hiru t´erdiak edo laurak aldera altxatzea tokatuko zaigu”, esan du euskal atletak.

Elena Loyok ez du postuari buruzko kinielarik egin nahi, ezta markei buruz hitz egin ere. “Nik ahalik eta errendimendu onena lortzea besterik ez dut eskatzen. Ergelkeria litzateke marka eskatzea, ez baitira baldintzak emango, eta postuan ere ez dut pentsatu nahi. Niretzat lehiaketa on bat egin nahi dut eta kito, nire aukeren barruan”.

Martin Fiz entrenatzaileak eman ahal izan dizkion aholkuei buruz galdetuta, maratoia modu ezberdinean bizi dutela nabarmendu du Elenak. “Hori oso pertsonala da. Bakoitzak bere erara bizi behar du. Bakoitzak bere izateko modua eta gauzak bizitzeko modua du. Gainera, Martinek dominaren presioa zuen. Nik beste modu batera bizi dut. Animoak ematen dizkit eta kito”.

Basque Teameko atletak esan du ez duela estrategia bat buruan, gauzak lasterketako sentsazioen arabera erabakiko dituela. “Bai, buruan baditut gauzak, baina unea bizitzea gustatzen zait, ez baitakizu besteak nola aterako diren, baina saiatuko naiz nire antzeko marka duen talderen baten sartzen. Unearen arabera inprobisatu behar da. Lana eginda dago gorputzak ahalik eta ondoen erantzuteko. Ikusiko dugu zer erabaki hartu behar diren lasterketan”.

Euskadin sor ditzakeen itxaropenen inguruan, Elena Loyo apal mintzo da: “Ez dezatela nigandik ezer handirik espero. Ni ahalik eta hobekien egiten saiatuko naiz. Esperientzia ederra da. Araban urte asko ziren Olinpiar Jokoetan atletarik ez zegoela, eta hori lorpen bat dela uste dut. Uste dut gehiago bultzatu beharko genukeela, nik uste baitut neska eta mutil gehiago egongo liratekeela honaino iristeko gai. Hau emozioz bizi duten guztiei, bihar atleta guztiekin goza dezatela, ez bakarrik nirekin, baita lasterketarekin berarekin ere, eta bereziki agur bat bidali nahi diet nirekin entrenatzen dutenei, asko zor diedalako”.

Jokoetarako sailkapena bere ahaleginaren saria izan da. Hala ere, Elenak esan du hau guztia ez dela hemen geratzen. Eboluzionatzen jarraitzea espero du. “Kirol arloari dagokionez, sailkapena ez nuen helburu nagusitzat ere, sei urte daramatzat Martinekin entrenatzen. Progresio bat izan nahi nuen, eta gorputzak eta buruak ahalbidetzen dizkidaten esperientzia guztiak bizi nahi ditut. Honaino iristea serioago planteatu dut azken urteotan agian, baina lehen ez nuen buruan ere. Niretzat oso berezia da, baina hau ez da hemen amaitzen. Ez dut hau lortu eta kito. Hazten jarraitzea espero dut”.