basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Arraunketa 29
uztaila
2021

Virginia Díaz Basque Teameko arraunlariak diploma lortu du Tokioko Jokoetan

Diaz eta Ciden lemazainik gabeko bikoak seigarren postuan bukatu du finala

Atzo Sea Forest Waterwayn egindako finalerdi onaren ostean, podium olinpikoan sartzeko ametsa egi bihur zitekeela zirudien. Atzoko txandan Virginiak eta Ainak hobetu zuten estropadak aurrera egin ahala, hitzordu handietan egin ohi duten bezala, baina gaurko final handian ez dute indar nahikorik izan markagailua iraultzeko.

“Saiatu gara eta horretarako lan egin dugu, baina gaur ez da eguna izan. Ohituta gaude hobera egiten, baina gaur ez da atera, ez da beti irteten” onartu dio Areetan bizi den arraunlariak Tokiora joandako Basque Teameko komunikazio taldeari.

Prendergast eta Gowler, Zeelanda Berriko bikoteak hasieratik ez du azeleragailua zapaldu, azken 500 metroetarako erreserbatuz, baina Filmer eta Janssens kanadarrak erritmo bizian hasi dira, Kyridou eta Bourmpou greziarrekin eta Glover eta Swann britainiarrekin batera. Diazen eta Ciden ontzia seigarren postuan zihoan, eta bertan jarraitu du estropada amaitu arte, emaitza hobetzeko aukerarik gabe. Goiko postuetan Zelanda Berriak ez du barkatu eta 6:50.19ko denborarekin helmugaratu da, Errusiako Olinpiar Batzordea (+1.26), Kanada (+1.91), Britainia Handia (+4.77), Grezia (+6.92) eta Espainia (9.86) atzetik izan dituela.

Japoniak azken egunetan astindu duen tifoiak finalerdia egun bat atzeratzera behartu zuen, beraz, arraunlariek ez dute atseden egunik izan, eta Virginiak onartu du agian fisikoak ere eragina izan duela. Horrez gain, esan du aintzat hartzeko bi faktore daudela: alboko haizea sufritu dutela eta seigarren kaletik arraun egin behar izan dutela.

“Final honen bila gentozen eta ez genuen ezer baztertzen. Zapore arraroa geratzen zaigu gorago ez egoteagatik, baina lan ona egin dugu eta egunak igaro ostean gehiago baloratuko dugu” azpimarratu du Basque Teameko arraunlariak.

Epe laburrean Virginiak atseden hartu eta bere lehen parte-hartze olinpikoari buruz hausnartu nahi du lanera itzuli aurretik.