basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Piraguismoa 26
uztaila
2021

Ander Elosegi piraguistak bere laugarren diploma lortu du Tokioko Jokoetan

Lau Jokotan lehiatu den lehen euskal gizonezkoa da Ander Elosegi. Lau Joko eta lau diploma; ez da marka makala. Dena den, gaurko lorpenak ez du asetuta utzi Irungoa. Basque Teameko piraguista zortzigarren izan izan da finalean eta horrek zapore gazi-gozoa utzi dio, badakielako gehiago emateko gai dela. Argi erakutsi du finalerdian. Eguneko lehen jaitsieran ukitu bat egin du 11. atean baina horrek ez du kikildu eta ikaragarri ondo jaisten jarraitu du. Egin duen denbora, 103.15ekoa, itzela izan da nahiz eta egin duen ukituagatik 2 segundoko zigorra jarri dioten. Anderrek hirugarren postuan bukatu du finalerdia eta horrekin batera domina aukerak inoiz baino gertuago zirenaren ideia zabaltzen hasi da Kasaiko kanalean.

Ordu t´erdi beranduago hasi da finala eta urduritasuna nabaria zen. Kontuan hartu behar da orain arte hiru diploma pilatu dituela Anderrek orain arte jokatutako beste hiru Jokoetan, tartean bi laugarren postu erdietsita. Zortea ez du orain arte lagun izan Elosegik finaletan eta gaur ere halaxe gertatu da.

Seigarren ateko makila mugitu du Anderrek eta hortik aurrera jaitsiera zuzentzen saiatu den arren, ez du indar nahikorik izan abiadura azkartzeko. “Ez da kontzentrazio falta izan baina beharbada zehaztasun falta bai eta akats txikiak pilatu zaizkit jaitsieran” aitortu dio Tokiora joandako Basque Teameko komunikazio taldeari.

“Orain ez dut diploma era positiboan baloratzen baina uste dut etorkizunean, aurrerago, beste era batera ikusiko ditudala gauzak. Jaitsiera ona egin ez izanaren penarekin geratzen naiz, lortutako postua alde batera utzita” gaineratu du.

“Sentsazio gazi-gozoa geratzen zait, nire burua goiko postuetan ikusten nuelako maila emanez gero” esan du Munduko egungo txapeldunordeak.

Orokorrean finala nahiko zaila izan da eta lehiakide gehienek denbora okerragoak egin dituzte, finalerdiarekin alderatuta. Ematen zuen Anderren denborak, 106.59koak zazpigarren bukatzeko emango ziola baina azken txanpan Martin Thomas frantziarrak gainditu egin du.

Orain Ander Elosegik atsedena hartuko du eta irailean Bratislavan jokatuko duten Munduko txapelketan jarriko du arreta.