basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Piraguismoa 19
maiatza
2021

“Iritsi nintzenean, gora begiratu nuen eta lehenengoa ikusi nuenean esan nuen: ondo Miren, ondo!”

Miren Lazkano Europako txapeldunak titulua irabazteak zer ekarri dion kontatu digu

Miren Lazkano ur bizietako piraguistak senior mailan irabazitako lehen titulu handia izan da Ivreakoa. Finalean, hirugarren atean irauli bazen ere, hori konpontzen jakin zuen Europako txapelketako urre preziatua poltsikoratzeko. Berak eta bere entrenatzailea den Aritz Fernandezek aitortzen dute asko borrokatutako domina izan dela, urte askoren esfortzuren ostean jasotako fruitua. Dena den, ez da ezusteko bat izan, beheko kategorietan hainbat lorpen pilatu baititu Mirenek urte hauetan guztietan. Tokio Jokoetan lehen aldiz olinpikoa izango den emakumezkoen C1 probaren aldeko apustua egin zuen Mirenek Aritzekin batera eta denborak arrazoia eman die. Aurten ez da Jokoetan izango, baina Europako txapelketako dominak txartela eman dio irailean Bratislavan jokatuko duten Munduko txapelketan lehiatzeko.

“Askotan imajinatu dut holan egotea eta lehenengo iristea baina hasi nintzen bezela ez nuen pentsatzen hain azkar egingo nuenik beste guztia. Iritsi nintzenean, begiratu nuen gora eta lehenengoa ikusi nuenean esan nuen ‘ondo Miren, ondo!’. Lan asko eta urte asko izan dira. Honen atzetik, domina honen atzetik, denbora asko daramagu eta uste dut sakrifizioa hor ere badagoela” dio Mirenek.

“Urte asko dira lanean, urte asko entrenatzen, denbora asko bidaietan eta azkenean atera da” azpimarratu du Aritzek.

“Egia esan, nik momentu honetan ez nuen pentsatu zenbat denbora behar izan dudan hona iristeko, baina konziente naiz denbora asko pasa dugula helburu batekin eta orain lortzeak asetzen nau. Aritzek ere insistitu zuen jarraitzeko eta erosotasun hori aurkitu dut C1ean eta orain motibazioa hor daukat. Zuk entrenatzen duzu eta lan egiten duzu denbora askotan baina gero ez bazaizu ateratzen ez duzu ikusten lan horrek emaitzak eman dizkizula baina egia da orain ikusten dugula” azaldu digu Lazkanok.

“Juniorretan domina atera zuen, 23 urtez azpikoetan domina atera zuen, seniorretan Munduko Koparen batean ere, baina urrea irabaztea ezberdina da. Edonork irabazi dezake eta azkenean finalean egon da, lortu du final ona egitea eta azkenean pamba! Medalla!” gaineratu du Fernandezek.