Miren Lazkano, Europako txapeldun
Basque Teamek bekatutako piraguistak urrea irabazteko jaitsiera zaila bideratzen jakin du Ivreako kanalean
Miren Lazkanok hiru txapelketa inguru egin ditu Ivreako kanalean (Italia), baina aitortu du eszenatoki zaila dela, eta, batzuetan, erabat aldatzen duela prestaketa jardunaldietan prestatutakoa.
Gaurko ibilbidea ez zen batere erraza, baina donostiarrak lehen postuan bukatzeko zailtasunak gainditu ditu, Teresa Fiserova txekiarraren eta Elena Apel alemaniarraren aurretik bukatzeko.
Sailkapen saioetan Mirenek bigarren txanda behar izan zuen Europako txapelketa honetako C1ean aurrera egin ahal izateko, baina gaur jokatu diren finalaurrekoetan erakutsi du garaipenerako hautagai garbia zela. Lazkanok laugarren postuan bukatu du fase horretan. Finalean arazo bat izan du hirugarren atean, eta irauli egin da, baina horrek ez du gipuzkoarra kikildu; izan ere, akats horren ostean, ezin hobeto osatu du ibilbidea, eta, gainera, denbora bikainak egin ditu, batez ere bigarren zatian.
“Atean irauli ondoren, hiru esan dut, orain edo inoiz ez. Atera egin zait, eta ni neu ere harrituta geratu naiz. Oso pozik nago, eta eskerrak eman nahi dizkiet hori lortzen lagundu didaten guztiei. Orain lasaitasuna sentitzen dut, lanak fruituak eman dituelako. Honek aurrera egiteko plus bat ematen dit”, adierazi du Mirenek proba bukatu eta gero.
Klara Olazabalek ere C1eko gaurko finala jokatu du, eta hamargarren bukatu du. Ander Elosegi, berriz, 27. izan da; 22. atean 50eko penalizazioa izan du, eta 2. eta 15. ateetan, berriz, bi ukitu izan ditu.
Atzo, K1ean, Maialen Chourrautek zortzigarren bukatu zuen eta Joan Crespok 16. postuan.