basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Piraguismoa 31
martxoa
2021

Piraguistei eskainitako atalak Basque Teameko ‘BAT To Tokio’ saioa estreinatuko du asteburu honetan

Programa osatzen duten 10 atalak igande goizetan emango dira ETB1eko ‘Helmuga’ saioan (11:30)

Aste honetan estreinatuko da Akhonmedia ekoiztetxeak egindako Basque Team Fundazioaren saioa, piraguistak protagonista direla, ‘Are zailagoa’ kapituluarekin. Maialen Chourraut eta Ander Elosegi eslalom piraguistek eta Iñigo Peña, Begoña Lazcano eta Higinio Rivero esprint piraguistek Tokioko Olinpiar eta Paralinpiar Jokoei aurre egiteko izan dituzten zailtasun guztiak nola gainditu dituzten kontatzen dute.

Maialen Chourraut olinpiar txapeldunak Rio de Janeiroko Jokoetan urrezko domina irabazi zueneko irudiekin hasiko da emanaldia. Ziklo olinpikoa gorabeheraz beteta egon da lasartearrarentzat, urrezko dominaren presioa gainean izan duela. Hirugarren aldiz podium olinpikora igotzeko asmoa duela azalduko du gipuzkoarrak.

Eginkizun galanta ere badu Ander Elosegik, Jokoetan laugarren aldiz lehiatuko den lehen euskal herritarra (gizonezkoa) izango baita. Ziklo olinpikoan sortutako zalantzak gaindituta, Anderrek bere lehen domina olinpikoa lortu nahi du.

Iñigo Peñak ere eskuratu nahi du. K4-1.000m-tik K2-1.000m-ra aldatzeak, Paco Cubelos taldekidearekin batera, arrakasta ugari eman dizkio Zumaiakoari olinpiar ziklo honetan zehar; arrakasta horiei amaiera eman nahi die Jokoetan domina bat erdietsita.

Begoña Lazcanok bere lehen sailkapen olinpikoa lortzeko borrokan jarraitzen du, eta Higinio Riverok, piraguismoan bere eskalada istripuaren ondoren bizimodu berri bat aurkitu zuenak, dagoeneko lortu du Japoniako hitzordurako txartela, bere lehen Jokoak izango direnetan parte hartzeko.

‘Bat To Tokio’

Tokioko Joko Olinpikoetan eta Paralinpikoetan lehiatzeko borrokatu diren euskal kirolarien ahalegina islatzen da apirileko lehen asteburutik Euskal Telebistan astero emango den erreportaje sortan. ‘BAT to Tokio’ programak ‘BAT To Rio’ eta ‘BAT To Pyeongchang’ saioen txanda hartuko du. Horietan antzeko formularekin aurkeztu ziren udako eta neguko hitzordu olinpikoetan eta paralinpikoetan parte hartu zuten euskal kirolariak.

Erreportaje sorta honek ikus-entzunezko istorio handien osagaiak biltzen ditu, kirolarien ametsak, erronkak eta gainditzeko irrikak kontatzen baititu. Programak pertsonen profil hori du ardatz, ikuslea bere borrokan eta helburuetan inplikatzeko.

‘BAT to Tokio’ astero emitituko da pantaila txikian, igandeetan, ETB 1eko ‘Helmuga’ saioaren barruan. Atal bakoitzak 10 minutuko erreportajea izango du, eta, beraz, Olinpiar eta Paralinpiar Jokoak baino hilabete batzuk lehenago, Japoniako hirian lehiatzeko sailkapena lortzeko borrokan aritu diren euskal kirolari asko ezagutzeko aukera izango dute ikus-entzuleek.

Akhonmedia ekoiztetxeak egindako saioak irudi ikusgarriak eskainiko ditu eta ikus-entzunezko baliabide modernoenak erabiliko ditu.