basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Albisteak 16
martxoa
2021

Ana Urkizak gaur aurkeztutako ‘Garen hori’ liburuan parte hartu du Basque Teamek

Euskal balioen inguruko hausnarketan Olatz Legarza Basque Teameko koordintzailea mintzatu da goi mailako euskal kirolaz

Donostiako Fernando Mitxelena kulturgunean ‘Garen hori’ liburua aurkeztu du gaur Ana Urkizak. Eusko Ikaskuntzako lehendakaria den idazleak euskal balioen inguruan hausnarketa bat egiteko gonbitea egin die hainbat esparrutako sortzaile eta adituei, eta azken horien artean kokatu du Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzailea goi mailako euskal kirolaz aritzeko.

Zein dira euskal balioak, halakorik baldin badago? Zerk egiten gaitu Gu, eta nola uztartzen da izate kolektibo hori gutako bakoitzarekin? Ba al dugu euskal nortasunik eta nortasun horri dagokion markarik, irudirik? Eta zein leku du horretan kulturak? Zein da sortzaileen eta komunikatzaileen eragina nortasun horren eraikuntzan?

Galdera horien eta antzekoen inguruan dantzan jarri ditu Ana Urkizak hainbat sortzaile, nor bere alorretik eta esperientziatik berbetan: Irati Jimenez idazlea, Carmelo Ortiz de Elguea pintorea, Jon Maya Sein dantzaria, Xabier Barrutieta arkitektoa, Dora Salazar eskultorea, Jon Garaño zinemagilea, Juan Carlos Perez musikaria eta Xabier Paya bertsolaria.

Elkarrizketa horiek osatzen dute liburuaren zati nagusia, eta horiei gehitzen zaizkie lehen lerroko komunikatzaileak diren beste hainbat adituren gogoetak: Josu Bergara (publizitatea), Eduardo Apodaka (filosofia), Elixabete Garmendia (kazetaritza), Olatz Legarza (kirola), Ximun Fuchs (antzerkia), Iraia Oiartzabal (moda), Elena Arzak (sukaldaritza) eta Iñigo Ucin (enpresa). Denen artean mosaiko zabal eta ñabar bat eraikitzen dute, gure herriaren isla izan litekeena, tradizioaren eta etorkizunaren artean.

Kirolari dagokionez, herriaren iruditeria eraikitzeko duen garrantzia azpimarratu du Anak, Basque Teamekin aurkezpenaren ostean izan duen solasaldian. “Nire ustez emozioak biderkatzen ditu, emozio fabrika bat da. Kirolak asko dauka balioen sorreran, erabileran edo ereite-lan horretan, pertsonari begira eta gero gizarteari begira, daukan biderkatzeko ahalmenagatik”.

Aldi berean, Olatz Legarzak, balioek kirolaren munduan duten pisua nabarmendu du. “Askotan ez dugu ezberdintzen emaitza eta emaitza horren atzean dauden balioak, eta Anak egindako galderek hausnarketa bideratu zuten, gure kirolarien emaitzen atzean zer dagoen hobeto ulertzeko”.