
otsaila
2021
Alvaro Romero snowboarderraren lehen podiuma Europako Kopan
Rider gipuzkoarra denboraldi bikaina egiten ari da. Urte honetako urtarrilean bere lehen garaipena lortu zuen FIS lasterketa batean, hura ere Reiteralmen, eta hilabete honetan, Idre Fäjllen maila absolutuko Munduko Txapelketan debutatzeko aukeratuetako bat izan da.
Gaurko sailkatze proban laugarren denborarik onena egin du, ondoren proban lehiatu diren 32 kirolarien artean sartzeko. Final-zortzirenetan onena izan da, Bell kanadarrari, Powondra austriarrari eta Zerava txekiarrari gailenduta. Gauza bera gertatu da final-laurdenetan, Mason eta Bell Kanadako snowboarderrak eta Kroh austriarra azpiratuta. Bere finalerdian soilik Perle estatubatuarrak gainditu du Alvaro. Biek atzean utzi dituzte Bitschnau suitzarra eta Mason kanadarra. Finalean aipatutako Michael Perlek eraman du metal preziatuena, Alvaro Romerok bigarren postuan bukatu du, Matteo Menconi italiarra hirugarren izan da eta Guillaume Herpin frantziarra laugarren.
Gaurko podiuma beste lorpen bat da Alvaro Romeroren ibilbide oparo. Lucas Eguibarren ondorengoa izateko dohainak dituen donostiarrak Isolako (Frantzia) junior mailako lasterketa irabazi zuen 2019an eta hirugarren izan zen 2020ko edizioan. Gainera, 2020an Suitzan jokatu ziren Gazteriaren Olinpiar Jokoetan brontzezko domina irabazi zuen.